Idurre Bideguren Bermeoko alkateak gaur goizean jaso du
ELoGE Labelaren bereizgarria,
Eudel-en elkarteburu Imanol Landaren eta Europako Kontseiluaren ordezkari Alina Tatarenkoren eskutik.
Bermeoko alkatea oso pozik agertu da zigilua jasotzerakoan. Zigilu horrek Bermeoko Udalean “kudeaketa aurreratuan eta berrikuntzan” egiten ari diren “lana aitortzen” duela nabarmendu du.
Idurre Bideguren, zigilua jasotzen. Argazkia: Eudel.
Bidegurenen berbetan, “azken urteotan
herritarren eta administrazioaren arteko harremana estutzea izan dugu helburu, xedeak lortzea garrantzitsua delako, baina horiek zelan lortzen diren ere bai. Horregatik gauzak beste era batera egiten saiatu gara eta, bikaintasunerako bidean, udal onenen artean egotea erronka interesagarria izan da”.
Gaineratu duenez, erronkak “elkarlanerako aukera” eskaini dio udalari. “Egindakoa neurtzeko balio izan digu, pauso sendoagoak emateko indarrak hartu ditugu eta ahultasunak identifikatu eta hobekuntzarako ideiak landu ditugu”.
Udalaren lana ezagutzera emanez. Sariak “gobernantzan egindako ahalegina herritarrei ezagutarazten” lagunduko diela gaineratu du alkateak. “Eraikinak, jolasguneak edota biribilgune bat egiten direnean emaitza erraz ikusten da, ez, ordea, kudeaketan ematen diren aurrerapausoak. Bikaintasunerako Europako Label honek egindako lana balioan jartzen du eta ildo beretik lanean jarraitzeko pizgarria da”.
Landak zorionak eman dizkio Bidegureni, “nota onagaz gainditu dutelako Europako Kontseiluaren ebaluazio zorrotza”. Gaineratu duenez, “Labela lortzeko hautagai izatea berez da konpromiso handia udal gobernuarentzat”. Bermeoko Udalagaz batera, Legazpikoak ere jaso du zigilua.
ELoGE Zigilua Europako Kontseiluaren tresna da, eta bere helburua “udalek Gobernantza oneko eta berrikuntza demokratikoko
12 printzipiotan aurrera egitea” da: etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontu-ematea, kudeaketa finantzarioa, efikazia eta efizientzia dira, beste beste, printzipio horietako batzuk.