Hainbat izan dira, urtero legez, Muxikako argazki lehiaketan parte hartu dutenak. Hain zuzen, hamabost bilduma jaso dituzte aurten, eta guztiek aurkeztu dituzte seina argazki.
Muxikarren argazki onena. Argazkia: Karmele Larruskain
Aurten ere, gaztetxoek zein nagusiek parte hartu dute, nork bere kategorian. Zazpi izan dira lehiaketara argazkiak bidali dituzten gazteak, eta gainontzekoak, nagusiek bidalitakoak izan dira. Muxikarrak izan dira parte hartzaileen gehiengoa; hamahiruk aurkeztu dituzte lanak. Hala ere, inguruetako zenbait herrietatik ere argazkiak aurkeztu dituzte lehiaketara.
Guztira, 90 argazki aurkeztu dituzte, eta horien artean
onena Irati Aspiazu muxikarrarena dela ebatzi du lehiaketako epaimahaiak. Muxikako argazki onenaren saria, aldiz,
Karmele Larruskainek jaso du, eta Bilduma onenarena
Zigor Urrestarazu gernikarrak. Gaztetxoen artean, berriz,
Kurtzeroko Gaztetxoak muxikarren argazkia aukeratu dute onena legez.
Kurtzeroko Gaztetxoek argazki onenaren saria lortzearren, argazkilaritzarako materiala erosi ahal izateko 60 euroko txartela jaso dute. Gainontzeko hiru irabazleek, berriz, Muxikako jatetxe batean bi pertsonentzako bazkari edo afari bat doan jateko aukera dute.
Biduma onena. Argazkia: Zigor Urrestarazu
Erakusketa Zubieta Errotan. Lehiaketan parte hartu dutenek, urtero legez, Muxikako Udalaren 2018ko egutegian agertuko dira; tamaina handiagoan edo txikiagoan. Egutegia Gabon eguna baino lehen banatuko dute Muxika, Ibarruri eta Gorozikako etxeetan zehar.
Gaztetxoen argazki onena. Argazkia: Kurtzeroko Gaztetxoak
Sariak dagoeneko banatuta daude, eta parte hartzaileen
argazki guztiak Muxikako Zubieta Errota eraikinean ikusgai jarriko dituzte aste honetan; beheko solairuan egongo dira. Horiek ikusteko aukera egongo da 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. Halaber, Muxikako Udalaren argazki artxiboaren parte izatera pasatuko direla zehaztu dute antolatzaileek.