Biak daude euren ligetako sailkapenaren jaitsiera postuetan. Gernikarrek partidu zaila eduki zuten atzo [abenduak 16] Urbietan 2.B mailako bigarren multzoko liderra den
Santandergo Racingen aurka. Urtzi Arrondoren mutilek Urbietan ez dute neurketarik galdu denboraldi guztian eta liderra ere ez zen gai izan gernikarren zelaitik puntuak eramateko.
Entrenatzaile goierritarrak hauek zelairatu zituen: Garrantxo, Kevin, Ander Larruzea, Koldo, Aimar, Lander, Entziondo (Gandiaga, 82), Gorka Larruzea, Pradera, Abaroa eta Parra (Igor Arnaez, 85). Sailkapenaren azkenaurreko postuan daude gernikarrak
13 puntugaz, baina postu horietatik kanpo dituzten taldea puntu bakarrera dago. Jaitsiera saihesteko kanporaketa postua, ostera, bi puntura daukate.
Bermeotarrek azken postutik atera nahi dute. Argazkia: Bermeo FT
Bermeo Futbol Taldea ere une zaila ari da bizitzen. Toño Vadilloren mutilek ezin irabazita jarraitzen dute eta zapatuan 1-0 galdu zuten Balmasedaren aurka La Baluga zelaian. Enkarterrikoak goiko postuetan daude eta bermeotarrak baino gehiago izan ez ziren arren
Erauzkinek laugarren minutuan bere atean sartu zuen golari esker irabazi zuten. Intxausti, Carlos, Andoni, Erauzkin, Santamaria, Arberas, Borja, Basaldua, Zulueta, Zaton eta Jodarrek osatu zuten bermeotarren hamaikakoa.
Gorriak azkenak dira 3. mailako laugarren multzoan bederatzi puntugaz.
Gernikak Durangon jokatuko du hurrengo partidua Culturalen aurka, 16:45ean Tabiran. Bizkaitarren arteko derbia beheko postuei ihes egiteko baliatu nahiko dute bi taldeek.
Bermeok, ostera, Real C jasoko du Itxasganen, domekan 17:00etan.