Bizisare: “Busturialdeko elikagai sistema propioa garatzea da erronka”
Eskualdeko garapen sozioekonomikoa “behar-beharrezkoa” dela dio Ainhoa Iturbek (Gernika-Lumo, 1971), Bizisare elkarteko presidenteak. Tokiko garapenerako prozesuak gizarte, ekonomia eta ingurumen ikuspegitik sustatu eta erraztu gura dituzte, horiek eskualdean “garatzeko eta geratzeko”.
Zer beharrizan zegoen Busturialdean elkartea sortzeko?
2016ko udazkenean Busturialdean gabeziak eta beharrizanak zeudela ikusi genuen eskualdeko talde eta norbanakoek. Alor ezberdinekin zerikusia zeukaten beharrizanak detektatu genituen. Lehen sektorean, baserri eta arrantzaren munduan gabeziak ikusi genituen, baita ingurumenaren arloan ere. Eskualdea bizirik egoteko eta horrela mantentzeko sinergiak edota sareak beharrezkoak direla uste dugu.
Nortzuk ekin zenioten lan horri, eta, gaur egun, nortzuk osatzen duzue elkartea?
Udaletxe, sindikatu, elkarte eta norbanakoekin elkarlanean sortu zen Bizisare. Nabarnizko, Ajangizko, Errigoitiko, Muxikako eta Eako udaletxeetako ordezkariak, LAB eta EHNE sindikatuetakoak eta beste elkarte eta norbanakoak elkartuta sortu genuen elkartea. Deialdi zabala izan zen.
Hala, baina, parte hartzea dinamikaren araberakoa da. Hala ere, urteroko bilerak egiten ditugunean denok batzen gara.
“Busturialdeko eskola jantokietan bertoko elikagaiak txertatzeaz arduratu gara, baita eskolak eta baserritarrak harremanetan jartzeaz ere”
Zeintzuk dira Bizisareren helburu nagusiak?
Eskualdea bizirik egoteko eta biziago mantentzeko ikuspegia eraikitzeko sortu genuen, eta hainbat puntu lantzen ditugu. Eskualde mailako elikagai sistema propioa garatzea da gure asmoa; betiere, ikuspuntu agroekologikotik. Tokiko lanpostu jasangarriak eta kalitatezkoak sortzea ere erronka garrantzisua da, eta hainbat dira hori lantzeko bultzatzen ditugun ikerketak. Natur baliabideen errespetuzko kudeaketa egitea ere ezinbestekoa da, naturaren zikloak errespetatuz.
Nola finkatzen dituzue elkartearen proiektuak?
Urte hasieran, batzarrean, urteko jarduna eta erronka berriak zehazten ditugu, eta guztiok daukagu erantzukizuna horietan. Aurtengoa Busturialdeko eskola jantokietan bertoko elikagaiak txertatzeaz arduratu gara, baita eskolak eta baserritarrak harremanetan jartzeaz ere. 2019ko jarduna oraindik ez dugu zehaztu, baina eskualdeko bizitza suspertzera eta natura, kultura eta sozioekonomia lokala mantentzera bideratuta egongo da.
Zer da aurtengo proiektuagaz lortu nahi duzuena?
Eskualdeko ikastetxe gehienek jatetxe arloko zerbitzuaren bitartez kudeatzen dituzte elikagaiak. Hau da, kanpotik ekarritako produktuekin hornitzen dira, eta ez da egokia. Eskualdeko lehen sektorea suspertzeko eta gazteen elikadura hobetzeko erronka izan da, bertokoa bertan geratzekoa.
Horretarako, lurrei eta elikagaiei buruzko ikerketa egin genuen, behar zen beste ekoitz zitekeen edo ez jakiteko. Baita non eta nola gorde erabakitzeko ere. Azkenean, Jaurlaritzak proiektua onartu, eta Allende Salazar ikastetxeetako gazteek eskualdeko produktuak jatea lortu genuen. Ikasturte honetan Seber Altube ikastolara zabaldu dugu. Barrutia edo Muxikako eskolak apuntatzea lortu nahi dugu, baita eskualdeko beste eskolek bertoko elikagaiak kontsumitzearen aldeko pausoa ematea ere. Baina ez da erraza, administrazioak ez duelako bidea errazten.
Dagoeneko lortu duzue produktuak gordetzeko tokia.
Joan den astean sinatu genuen hitzarmena Muxikako Udalarekin, eta Zugastietako eskolan gordeko ditugu produktuak, asko baitira bertan ekoizten diren produktuak. Beraz, eskolaren zati bat hornitze lekua izango da, eta hurrengo hilabetean jarriko dute martxan.
“Eskualde mailako elikagai sistema propioa garatzea da gure asmoa; betiere, ikuspuntu agroekologikotik”
Eskualdeko proiektua da, baina Bizkaiko hainbat nekazari eskolarekin zaudete harremanetan.
Baserritarren munduan nork lan egin nahi duen jakin behar dugu, eta gure eskualdean ez dago nekazari eskolarik. Derion, Arkautin eta Murgian dauden nekazari eskolekin gaude harremanetan, ikasketak bukatu ondoren Busturialdera hurbiltzea eta bertan jardutea nori interesatu ahalko litzaiokeen jakiteko. Zubi lana egiten dugu guk, hasieran zaila delako gazteek erabilgarri dauden lurrak aurkitzea eta bultzatzea.