Lau t´erdiko Lehen mailako
txapeldunordea da Olatz Arrizabalaga. Patri Espinar usansolotarraren aurka galdu zuen Emakume Master Cup txapelketako finala pilotari gernikarrak, eta txapelketan zehar burututako
lana omentzeko harrera egin zion Gernika-Lumoko Udalbatzak atzo iluntzean.
“Oso harro sentitzen gara egindako lanagaz, jarraitu gozatzen eta helduko da garaipena”, esan zion Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Arrizabalagari.
Pilotariak udalbatzak egindako harrera eskertu zuen, eta pilotan jokatzen jarraitzeko ilusioagaz dagoela onartu zuen: “Emakume pilotariak orain arte itzalean egon gara. Gustatzen zaigulako jokatu izan dugu, trukean ezer jaso gabe. Azken urteetan, baina, laguntzen dabilen jendea badagoela ikusi dugu, eta horrelako omenaldiak jasotzea eskertzekoa da”.
Arrizabalaga eta Gorron?o Gernika-Lumoko udaletxean.
Aurten lehen aldiz parte hartu du lau t´erdiko txapelketan gernikarrak, eta
lan bikaina eginda heldu zen final handira;
22-9 galdu zuen Espinarren aurka. Txapelketa ederra jokatu zuen, baina, Gurea pilotalekuan lehiatutako finalean urduritasunak “traizionatu” egin ziola aitortu zuen Arrizabalagak atzoko harrera ekitaldian: “Esperientzia asko daukan pilotaria da Espinar, eta nire lau t´erdiko lehenengo finala izan zen domekakoa. Aste osoan ibili nintzen partiduan pentsatzen, eta frontoira atera aurretik ere oso urduri egon nintzen”.
Finalari “itxura” emateko gogoagaz atera zen, baina bi akats egin ondoren, arreta galdu eta ezin izan zuela ezer gehiago egin dio pilotariak: “Finalean nire maila erakutsi ez izanak amorrua ematen dit. Hurrengoan izan beharko da”.
Binaka jolastera ohituta dago Arrizabalaga, baina bakarka arituta ere txapelketako finalera iristea lortu zuen. Lehenengo fasera “nahiko urduri” heldu zen arren, partiduak irabazita sentsazio onak hartu, eta egindako lanagaz “pozik” dagoela onartu du: ” Final aurretik
txapelketa oso ona jokatu nuen. Azken partidako desilusio hori oraindik daukadan arren, jarraitzeko ilusio handia daukat. Nahiko pozik nago egindako lanagaz”.
Orain,
andrazkoen larru-paletako I. Bizkaia Torneoa ari da jokatzen Arrizabalaga; Leire Etxaniz etxebarriatarrarekin bikotean. “Frontoietan gabiltzan neskak denetara apuntatzen gara. Goma-paletan aritu gara orain arte, eta larru-paletako kirola guztiz desberdina da”, aitortu zuen Arrizabalagak, finalera heltzeko “gogotsu” dagoela gehituz.
Aukera gehiago, orain. Lehen mailako pilotaria da, eta pilotan jokatzen hasi gura duten neska gazteen erreferente bihurtzeko bidean dago Arrizabalaga. Etorkizun oparoa dauka aurretik, eta gaztetan aukera asko izan ez dituela dion arren, hainbat txapelketa eskuratu ditu.
“Orain gutxira arte neska pilotariek ez geneuzkan gaur egun ditugun beste aukera edukitzen. Orain, eskupilotan, zestan edota palan
gorenera hel gaitezke“, azaldu du Arrizabalagak. Gainera, txapeldun izatera iritsi ezean, “gozatzeko” aukera daukatela dio: “Lehen Bizkaia osoan ni nintzen eskupilotan aritzen zen neska bakarra, eta ez geneukan neska pilotarien harteko harreman askorik”. Hala, baina, errealitatea bestelakoa da, eta Bizkaian neska pilotarien talde handia sortu da.
92 neskak parte hartu Emakume Master Cupeko lau t´erdiko txapelketan, eta gernikarrak “kasualitatez” eman zuela izena aitortu du. “Ez nuen pentsatzen hainbeste neskak jokatzen genuela eskupilotan. Binakako lehenengo txapelketan 70-80 neska egon ginen, eta harrituta geratu nintzen”. Aurten, lau t´erdikora 92 neska apuntatu izana ikaragarria iruditzen zaio. Gainera, Bartzelonatik eta Mexikotik hurbildutako neskek ere parte hartu dutela gogorarazi du. “Pozgarria da. Eskupilota ez dela mutilen kirola soilik erakusten gabiltza. Neskek ere ikuskizuna eman ahal dugula erakutsi dugu”, dio gazte pilotariak.
Eskupilota kirol “oso polita” dela deritzo gernikarrak, eta gaur egun jokatzen ari diren neskak “erreferenteak” izan behar direla uste du. Horretarako, komunikabideen lana ezinbestekoa dela dio: “Erreferente izateko ezinbestekoa da komunikabideen lana, etorkizunean pilotan jokatu nahi duten neskek erreferenteak behar dituztelako. Nabaritzen da komunikabideen eragina, lau izatetik frontoiak betetzera igaro gara”.
Hala, emakumezkoen kirola bultzatzen jarraitu gura du Arrizabalagak: “Asko dugu ikasteko, baina frontoiak beteta ikustea pozgarria da”.