Errotutako Gabon ohiturak
Bizkaiko Marijesien Bederatzigarren Topaketa egin zuten Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, zapatuan. Emanaldia hasi aurretik, udalerriko Marijesiak omendu zituzten udal ordezkariek.Errotutako tradizioa. Bizirik jarraitzen duen ohitura. Marijesiak dira a...
Bizkaiko Marijesien Bederatzigarren Topaketa egin zuten Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, zapatuan. Emanaldia hasi aurretik, udalerriko Marijesiak omendu zituzten udal ordezkariek.
Errotutako tradizioa. Bizirik jarraitzen duen ohitura. Marijesiak dira abenduko kale hotzak berotasunez betetzeaz arduratzen diren Gabon koplak, Gabonak iragartzeko elementu sinbolikoak. «Antzinatik» burutzen den abenduko koplen kantu tradizioak bizirik dirau Bizkaiko herri askotan; baita Busturialdeko eta Lea-Artibaikoetan ere: Lekeition, Gernika-Lumon, Gautegiz Arteagan, Muxikan, Ibarrangelun, Busturian eta Ean, kasu.Zapatuan, Bizkaiko Marijesien Bederatzigarren Topaketa egin zuten Gernika-Lumon, eta Gernikako Marijesiak izan ziren emanaldia antolatzeaz arduratu zirenak.
Andra Mari elizan elkartu eta kantaldia eman zuten Bizkaiko hainbat herrietatik hurbildutako zortzi taldek. Udalerriko marijesiez gain, Muxikako, Gautegiz Arteagako, Eako, Ibarrangeluko, Busturiko, Lekeitioko eta Iurretako taldeak egon ziren 19:00etan hasi zen emanaldian.
Busturiko Marijesiek lehenengoz abestu zuten zapatuan, marijesien topaketan. «Gaur egun, Marijesien tradizioak, Busturialdean, Lea-Artibain eta Durangaldean dirau bizirik, eta kasu guztietan balio berezi bat hartzen du bertako bizilagunentzat», esan zuen Denis Azkarate Gernikako Marijesiak taldeko kideak.
Norberak bere erara
Lekuan lekuko tradizioa jarraituz, bakoitzak bere erara abestu zituen herrietan ohikoak diren kantuak. Marijesiak, Abenduak, Kebonikuak…, hainbat izenez dira ezagunak, baina kantatzen dituzten abestien letrak, doinuak eta erritmoak antzekoak dira, herriz herriko aldaera batzuekin.
Zeinbait herritan, bederatziurren osokoan (Gabon egun aurreko bederatzi egunetan) aritzen dira abesten. Beste batzuetan, baina, Gabon bezperan edo egunean bertan ateratzen dira.
Bakoitzak bere tradizioa azaldu eta gero, euren koplak beste taldeei erakutsi zieten. Makilagaz lagunduta kantatu zuten batzuek, panderoagaz eta akordeoiagaz, berriz, beste batzuek.
Batera aritu ziren hainbat talde, eta bakarlariaren eta taldearen arteko elkarrizketa burutu zuten beste hainbatek.
Hala, ikuskizun ederra eman zuten denek ala denek, eta Marijesiak ondare ukiezin eta ukaezinak direla erakutsi zuten.
Bertaratutakoek Gabonen atarian Lea-Artibain, Busturialdean edota Durangaldean abesten dituzten erronda kantuak hurretik ezagutzeko aukera eduki zuten. Koplak abestu ondoren, talde guztietako partaideak agertokira atera ziren, eta Hator-Hator Gabon kantagaz amaitu zuten ekimena.
Omenaldia
Zortzi taldeek elizan kantaldia eman aurretik, Gernika-Lumoko Udalak Gernikako Marijesiak omendu zituen Adolfo Urioste kalean, eta beraien omenez jarritako kaleargia piztu zuten udal ordezkariek; Gernikako Marijesien logoaren itxura dauka kale argiak.
Udalak Marijesiekin izandako «keinua» eskertu zuen Azkaratek: «Marijesien partez, eskerrik asko udalari keinu hori herriko kaleetan jartzeagatik».
Bere aldetik, Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak urtero tradizioagaz jarraitzeko egiten duten lana eskertu zien Marijesiei: «Urte luzeko tradizioa mantentzeko lan handia egin behar izan dute herritar askok. Horregatik, hemen daudenei eta egon ezin direnei eskerrak eman nahi dizkiegu, ederra den ohituragaz jarraitzeagatik». Hitz horiek esanda, eta kale argia «ilusio handiagaz» egin dutela azpimarratu ostean, argia piztu zuten.
Gabon argia piztuta, Azkaratek herritarrak Marijesietan parte hartzera animatu zituen.
Gernikako Marijesiak bederatziurren osokoan goizaldero aritzen dira abesten kalez kale, eta leihoetara edo balkoietara ateratzen diren herritarrei ere Marijesien esker ona adierazi zien taldeko kideak: «Gernikako Marijesiek bederatziurrenean leiho edo balkoietara ateratzen zareten guztioi esker ona eman nahi dizuegu. Gure kantuek ez daukatelako inolako zentzurik zuek entzuteko prest agertzen ez bazarete».