Xistera Zirkuituko finalerdiak eta finala geratzen dira jokatzeko bai mutileten zein nesketan ere.
Finalerdiak zapatu arratsaldean [abenduak 15] jokatuko dira
Mutrikun, eta
abenduaren 22an finalak Markina-Xemeinen. Xisterako ordezkariek aurreratu dutenez,
kiniela erara jokatuko dira finalaren atariko norgehiagokak.
Finalistak. Nesken zirkuituko finaletarako sailkatuta daude Maialen Aldazabal (Berriatua Zesta Eskola) eta Izaro Arbe (Markina-Xemein), eta beste hiru aurrelari eta atzelariek finalaurrekoak jokatu beharko dituzte aurretik finalerako txartela lortzeko. Finalerdietarako sailkatu diren artean dago Ereñoko eskolako Ziortza Landa gernikar aurrelaria. Beragaz batera daude, Maddi Jauregi (Beotibar, Tolosa) eta Maite Ortiz de Mendibil (Hondarribia) aurrelariak, eta bestetik, Eneritz Lizardi (Danok Bat, Mutriku), Naia Calvo (Berriatua Zesta Eskola) eta Esti Arriola (Berriatua Zesta Eskola) atzelariak.
Landa (eskuman), Izaro Arbe markina-xemeindarragaz.
Argazkia: Xistera Kluba.
Mutilei dagokienez, nagusien mailan Antxon Alberdi (Berriatua Zesta Eskola) eta Mikel Manzisidor (Danok Bat Mutriku) zuzenean sailkatu dira finalera, eta finalerdietan egongo dira Aaron Gonzalez De Matauko (Gasteiz), Ekaitz Goixerri (Danok Bat Mutriku) eta Gaizka Barinagarrementeria (Markina-Xemein) aurrelariak eta Jon Ibarluzea (Markina-Xemein), Mikel Elkorobarrutia (Markina-Xemein) eta Aitor Elkorobarrutia (Markina-Xemein) atzelariak.
Gazteen mailan Aitzol Galletebeitiak (Lekeitio) eta Aize Iturraldek (BAC Biarritz) lortu dute zuzeneko pasea, eta finalaurrekoetan lehiatuko dute Eduardo Agirre (Zumaia), Iñaki Perez (Cabanillas) eta Clement Berge (Kostakoak Bidart) aurrelariek eta Danel Mandiola (Markina-Xemein), Ekaitz Mendizabal (Danok Bat, Mutriku) eta Lucas Olasagasti atzelariek.