Sollube 707 mendizale taldeak antolatuta, bermeotarren artean ohitura handikoa den Burgoako igoera egin zuten zapatuan. Bertan, gabon garaiari hasiera emateko jaiotza ipini zuten mendizaleek.
Mendizaleak, Burgoako gailurrean. Argazkia: Sollube 707
Taldeko arduradunen berbetan, goizean goiz Artike enparantzan 60 bat lagun batu ziren, eta hortik ibilbidea hasi zuten. Egunsenti hotza egin bazuen ere, “eguraldi onak lagundu” egin ziela aitortu dute, eta horrela ume, gazte, eta helduak giro ederrean egin zuten igoera.
Burgoako gailurrerako bidean, mendizale taldea handitu egin zen Mañu auzo eta inguruetatik etorri zirenekin, eta gailurrera iristerakoan “75 pertsona inguru” bildu zirela zehaztu dute Sollube 707koek. Burgoan, etxeko txikienek ikurriña altxatu zuten, eta jaiotza ipini zuten guztien artean. Bukatzeko, Hator hator abestu zuten bertaratutakoek, eta otordua egiteko aprobetxatu zuten.
Arduradunek adierazi dutenez, “jendea oso pozik geratu zen irteeragaz”, eta datorren urtean berriz ere egiteko prest azaldu dira.