Parte hartu duten talde guztien artean, Gernika Atletismo Taldearena izan da
ordezkaritzarik handiena. Hain zuzen, kategoria guztietan izan dira bertako atletak.
Argazkia: Gernika Atletismo Taldea.
Asteburu betea izan dute Gernika Atletismo Taldeko kideek, krosean, pistan zein asfalto gaineko
lau lasterketetan parte hartu baitute.
Donostian, Durangon eta Usansolon lehiatutako denboraldiko lehenengotaraiko probetan, guztira, ia ehun gernikar izan dira.
Zapatuan eta domekan Usansolon San Andresko krosa lehiatu zuten. Bizkaiko krosik zaharrenetarikoa da, eta 90 bat atleta gernikarrek lehiatu zuten. Lehenengo egunean taldeak eskoletan prestatzen dituen neska-mutilek parte hartu zuten eta emaitzen gainetik nabarmentzekoa da gernikarrena izan zela, beste behin ere, ordezkaritza zabalena Usansoloko zelai lokaztuan.
Atzo goizean kategoria nagusikoen txanda izan zen (kadetetik beteranoetara doazenak). Ia 40 atleta joan ziren Gernika-Lumotik. Emakumeen seniorretan izan ezik, beste maila guztietan izan zen ordezkariren bat, bereziki kadete, jubenil eta juniorretan.
Kirol paralinpikoan,
Mustapha Hessou gazteak berriro ere erakustaldia eman zuen eta
lehenengo sartu zen helmugan. Marokoar jatorriko muxikarra erraz nagusitu zen bi kilometroko lasterketan.
Mustapha Hessou. Argazkia: Gernika Atletismo Taldea.
Anoetako Belodromoan. Bestalde, zapatuan, talde gernikarraren lau atletek parte hartzeko libreko probetan parte hartu zuten Donostiako Anoetako Belodromoan. Garoa Musatadik, Irati Unzuetak eta Ibon Etxebarriak 200 metroko lasterketak egin zituzten eta Jon Ander Asturiasek pisu jaurtiketako proba burutu zuen. “Belodromoko pista obalatuan lehenengoko esperientzia zen eta ikasitakoarekin pozik itzuli ziren etxera”, azaldu dute Genika ATko arduradunek.
Gainera,
Aitor Uriarte atleta beteranoa Joseba Jakaren Oroimenez
Durangon egin ohi den asfalto gaineko lasterketan hamaikagarren sartu zen helmugan sei kilometroko beroaldia hartu ondoren. Beteranoen mailan, bigarren egin zuen.
Argazkia: Gernika Atletismo Taldea.