Heineken ligako lehen itzuliko azken neurketa bi punturengatik baino ez zuen galdu Gernika RT-k sailkapeneko hirugarrena den Alcobendasen aurka.
Partidua azken hatseraino ez zen erabaki madrildarren mesedetan. Neurketaren hasieran gernikarrak nagusi izan ziren Urbietako zelaian eta Joaquin Palisak egindako entsegu batek eta
Iker Olaetaren zutoinetarako jaurtiketa batek 7-0ekoa jarri zuten markagailuan.
Urbietan jokatutako partiduko jokaldi bat. Argazkia: Anuar Gomez
Jokaldi luze baten ostean madrildarrek entsegua egitea lortu zuten eta 10. minutuan 7-7 jarri zuten markagailua. Minutu gutxira,
Olaetak berriz ere aurretik jarri zituen basurdeak. Baina partidua joan-etorrikoa bihurtzen ari zen eta halako jokaldi bat baliatu zuten kanpokoek Brad Linklater buru zela baloia ezkerraldera eraman eta trantsizio azkar baten bitartez beste marka bat egiteko; 10-12 jarri zuten beraien alde markagailua. Baina basurdeek ez zuten amore eta Mauricio Londoñoren
kanporatzea baliatu zuten neurketaren kontrola berriz ere hartu eta entsegua egiteko. markagailuan 15-12 aurrea hartuz. Alcobendasek, baina, berriz ere bere nagusitasuna erakutsi zuen eta nahiz eta gernikarrek atzeko lerroan lan ona egin mele baten bitartez entsegu marra igaro zuten, markagailua
15-19 irauliz. Emaitza horrekin amaitu zen lehen zatia.
Bigarrenaren hasieran zigor kolpe bat gauzatu zuten kanpokoek baina basurdeek ez zioten partidari aurpegia galdu.
Morgan Reedyk entsegua egin zuen baina Olaetaren jaurtiketak zutoinean jo eta ez zuen punturik batu. Gernika geroz eta gehiago zen Urbietan eta Facundo Epinalen entseguak eta osteko jaurtiketak bost puntu goitik jarri zuten Gernika,
27-22. Gernikarrek bazekiten puntuak lotzea zein garrantzitsua zen eta defentsa lanean sakondu zuten. Baina kanpokoek, pare bat saiakera egin ostean, zigor entsegu bat gauzatu zuten, 71. minutuan 27-29koa jarriz markagailuan.
Partidua iraultzen saiatu arren ez zuten lortu, baina behintzat bi bonus lortu zituzten, erasokoa eta defentsakoa, eta orain hamargarrena den Hernanirengandik eta hamaikagarrena den Complutense Cisnerosengandik hiru puntura daude.