Beste urte batez, Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro solidarioa izeneko kanpaina jarri du martxan, eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen
azoka egin du gaur eguerdian Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Guztira, 5.060 euro bildu dituzte azokatxoan.
Biltzen duten
dirua Belenen dagoen
Jainko Haurraren etxera bidaliko dute. Heziketa premia bereziak dituzten umetzurtzei
arreta egokia eta babesa emateko zentroara hain zuzen ere. 2005ean sortu zuten, eta heziketa formal eta integrala emateaz gain, boluntario lanetan diharduten monjek eta beste hainbat langilek familia giroa bermatzea dute helburu.
Bigarren eskuko jostailu eta liburuak begiztatzen eta erosten ibili dira hainbat herritar Merkatu plazan kokatutako azokatxoan. Aurrera eta atzera ibili dira, beraien
elkartasuna agertuz. Halaber, bertan egindako zozketaren
zenbaki irabazlea 2.478 dela jakitera eman dute antolatzaileek. Ordezkoa, berriz, 2.598 zenbakia izan da.
Haurtzaro Solidarioa proiektua. Iparralde-Hegoalde taldeak hainbat ekintza egiten ditu Haurtzaro Solidarioa proiektuari lotuta. Guztien artean bigarren eskuko azoka da ekitaldi nagusia. 2005etik gaur egunera, ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan egiten dute bigarren eskuko liburuen eta jostailuen elkartasun azoka, eta hamabi edizioetan 66.574 euro bildu dituzte.
Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko asmoagaz sortu zuen Haurtzaro Solidarioa proiektua. Katekesietara doazen umeek euren etxeetan dituzten jostailuak ematen dituzte azoka solidariorako.