Sailkapena zaildu zaie
Eurokopako bosgarren jardunaldia hamazortzi puntugatik galdu dute CMB Uni Gyor taldearen aurka Hungarian. Mario Lopezek esan du partidu txarra egin zutela, «aurrekoen ildo beretik»Gernikarrek 79-61 galdu zuten eguaztenean CMB Uni Gyor taldearen aurka...
Eurokopako bosgarren jardunaldia hamazortzi puntugatik galdu dute CMB Uni Gyor taldearen aurka Hungarian. Mario Lopezek esan du partidu txarra egin zutela, «aurrekoen ildo beretik»
Gernikarrek 79-61 galdu zuten eguaztenean CMB Uni Gyor taldearen aurka Hungarian, Eurokopako bosgarren jardunaldian. Emaitza horregaz zaildu egin zaie sailkapena gernikarrei, eta average-a ere sei puntu azpitik daukate orain hungariarrekin.Bigarren postua eskuratu eta sailkapena lortzeko, datorren astean Uniao Sportiva taldeari Malosten irabazi eta Gyor taldeak Gironaren aurka Katalunian galdu egin beharko luke.
Gwathmeyren hutsuneak Dietrick eta Roundtree kantxan egotera behartu zituen; Vanderwal, Diez eta Berezhynskak osatu zuten hasierako bostekoa. Lehen laurdena 20-16 amaitu zen, hungariarrek ez baitzuten markagailuan aldea gehiago zabaltzea lortu. Bigarren laurdena Brownen saskiraketa bategaz hasi zen. Baina Dietricken barneraketek markagailua estutzeko balio izan zuten, eta etxekoek hutsartea eskatu behar izan zuten 23-20koagaz. Hungariarrek aldaketak egin zituzten, eta horrek eragin zuzena izan zuen euren jokoan: markagailuan 43-27 ihes egin zuten. Mario Lopezek adierazi zuen hasieran txarto aritu zirela, batez ere defentsan. «Bigarren laurdenean egon da gakoa nire ustez, 23-11ko partzialean».
Gernikarrek nahi zuten, baina ezinean ari ziren bigarren zatiaren hasieran. Opari gehiegi egin zituzten defentsan, eta Lexie Brownen hiruko batek 49-29an jarri zuen markagailua 23. minutuan. Hurrengo minutuetan erasoan min handiegirik egin gabe jarraitu zuten gernikarrek, baina defentsako lana hobetu izanak average-a mantentzeko helburuarengatik borrokatzeko aukera eman zuen. 12 puntu baino gutxiagora murriztu behar zuten aldea Mario Lopezen neskek. Eta une batez lortu ere egin zuten, baina hiruko jaurtiketetan egindako hutsek eta defentsako intentsitate faltak ezinezkoa egin zuen aldea mantentzea edo txikitzea. Azkenean, 79-61eko emaitza eta 18 puntuko aldea hungariarren alde.
Lopezen esanetan, azken laurdena ondo hasi bazuten ere, azken bost minutuetan ez zuten pazientziarik eduki, eta erabaki txarrak hartu zituzten. «Orokorrean, partidu txarra jokatu dugu, aurreko neurketen ildo beretik».
Molina Pradoren lesioa
Orain berriz ere ligari begira daude gernikarrak. Bihar 18:00etan Salamancan (Espainia) jokatuko dute sailkapeneko liderra den eta gernikarrek haina garaipen dituen Perfumerias Avenidaren aurka. Partidu horretan eta datozen hilabeteetan egongo ez dena Juana Molina Prado izango da. Iragan asteko Eurokopako partiduan min hartu zuen eta aurreikuspen txarrenak bete dira; belauneko aurreko lotailu gurutzatuko plastian eta meniskoan hausturak dauzka. «Kirolarientzako hain beldurgarria den triada dauka eta ebakuntza egingo diote», azaldu dute Gernika Bizkaiako arduradunek.