Kontzezio Egunak bertso jaialdi handia dakar Unira
Ohiturari eutsiz, Kontzezio Egunak bertso jaialdi handia ekarriko du Markina-Xemeingo frontoi nagusira. Bertsozaleentzat hitzordu berezia bihurtu den jaialdian, ohi modura, izen handiko sei bertsolari ariko dira aurten ere kantuan: Jon Maia Soria, Maia...
Hiru emakume eta hiru gizonezko elkartu nahi izan ditu aurten jaialdia antolatzen duen Amaiur Kultur Elkarteak, eta guztien onena ateratzen saiatuko da gai-jartzaile lanetan jardungo duen Saroi Jauregi Aiestaran zaldibiarra. Jauregi berria da Kontzezioko oholtzan. Xabi Paia eta Andoni Egaña ere aritu izan dira gai jartzaile lanetan, baina, batez ere, Josu Goikoetxea gernikarrak jardun izan du urte askoan bertsolarien gidari. Goikoetxeak gai jartzaile lana utzi duenez, emakume bat ekartzea erabaki dute aurten jaialdiaren arduradunek.
Berria da bai eta ere Nerea Ibarzabal Salegi bertsolaria. Markina-xemeindarra herrian bertsotan aritu izan bada ere, lehenengo aldiz parte hartuko du Kontzezio Eguneko jaialdian. Momentu onean dago, gainera, herriko bertsolaria. Maila handia erakutsita, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistetako bat da Ibarzabal. Markina-Xemeingo Uni pilotalekuak finalerako prestatzen joateko aukera ezin hobea eskainiko dio.
Sarrerak, leihatilan
Beste bost bertsolariek ezagutzen dute jaialdia. Batez ere, Euskal Herriko hiru txapeldunek: Maialen Lujanbio Zugasti egungo bertsolari txapeldunak eta 2009 urtekoak, Andoni Egaña Makazaga 1993, 1997, 2001 eta 2005 urteetako txapeldunak eta Amets Arzallus Antia 2013ko txapeldunak. Egaña finkoa izan ohi da Markina-Xemeingo jaialdian, eta beste biek ere gutxitan huts egin dute.
17:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak egunean bertan erosi ahalko dituzte bertsozaleek 10 eurotan, frontoiko leihatilan.