Iragan eta orainaren erradiografia
Gerraren industria zer den azaltzea helburu duen 'Los hilos del tablero' dokumentala aurkeztu zuten atzo. Luis Iriondo Gernikako bonbardaketaren lekukoak parte hartu du proiekzioan.Bonbardaketak. Errefuxiatuak. Gerrak. Testigantzak. Iraganeko eta gaur ...
Gerraren industria zer den azaltzea helburu duen ‘Los hilos del tablero’ dokumentala aurkeztu zuten atzo. Luis Iriondo Gernikako bonbardaketaren lekukoak parte hartu du proiekzioan.
Bonbardaketak. Errefuxiatuak. Gerrak. Testigantzak. Iraganeko eta gaur egungo herrialde desberdinetako herritarrek bizi izan dituzten eta gaur egun bizi dituz- ten errealitateak dira.Iraganean gertatutakoa ahaztu egiten dute askok eta askok, baina gerrek oraindik bizirik jarraitzen dute, eta errealitate hori da Jose Gaya zuzendari valentziarrak ezagutzera eman nahi izan duena.
Los hilos del tablero dokumentalean gerraren industria zelakoa den erakusten saiatu da Gaya, eta gatazka horien lekukoen bizipenak eta testigantzak ere jaso ditu. Eguazten iluntzean proiektatu zuen ikus-entzunezkoa Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan, eta han egon zen Luis Iriondo Gernikako bonbardaketaren lekukoa izan zena.
Azken mendeko gerra esanguratsuak errepasatzen dituen 53 minutuko dokumentala da Los hilos del tablero, eta Iriondok Gernikako bonbardaketako bizipenak kontatzen ditu bertan.
Bakea ezinbesteko «beharrizana» delako egin du ikus-entzunezkoa zuzendariak. «Herrialde pobreetara egindako bidaietan gerrek eragiten zuten errealitatea ikusi eta dokumentala egitera animatu nintzen. Gatazka armatuek lurralde pobreak eta ingurumena zelan lehertzen zuten ohartu nintzenean ekin nion lanari». Armen fabrikek eta kapitalismoak gerretan duten eragina aztertuta hasi zen lanagaz. Hala, gatazkek eragiten duten «indarkeria gutxitzen saiatzea» da Gayaren asmoa: «Lan honegaz eta indarkeria erabili gabe gerraren industria kritikatu gura dugu, baita horren atzean dagoen kapitalismoa ere».
Arma fabrikek gobernuekin beraiek «nahi dutena» egiten dutela esan zuen: «Industriek bultzatzen dutena egiten dute gobernuek. Armak egiteko erabiltzen den dirua diru publikoa da, eta diru horregaz beste lurralde batzuetako herritarrak hiltzen dituzte». Hala, bakea bultzatu guran, herrialde horietako errealitatea kontatzeko prest daudenen testigantzak bildu ditu ikus-entzunezkoan.
Testigantzak
Luis Iriondo gernikarraren errelatoagaz hasten da dokumentala, baina, besteak beste, Hiroshimako, Palestinako, Saharako, Irakeko, Kolonbiako, Somaliako edota Honduraseko herritarren testigantzak ere jasotzen ditu. Lekuko bakoitza bere herrialdearen egoera azaltzeaz arduratzen da.
Ikus-entzunezkoan Gernikako bonbardaketa agertzea «ezinbestekotzat» jo zuen Gayak: «Luis Iriondoren testigantza jaso nahi izan genuen, baita gertakaria bera ere, gertatutakoa ezagutu egin behar delako».
Gernikarrek 1937ko apirilaren 26an bizi izan zutena gaur egungo errealitatea ere badela erakusten du bideoak. «Bakeak ez digula ezertan eragiten uste dute hainbatek, baina gerrak nire bizitza aldatu zuen, eta alde batetik bestera joatea eragin zidan. Gaur egun ere hainbat dira egoera hori bizi dutenak», esan zuen Iriondok eguaztenean, Elai-Alai aretoan.
Bonbardaketaren ostean, bera ere errefuxiatua izan zela gogoratu zuen: «Gerra ez zen bonbardaketagaz bukatuta niretzat. Gernika-Lumotik Bilbora joan behar izan ginen, eta Bilbotik Santanderrera. Gero, beste hainbat lagunekin batera, Frantziara ihes egin genuen».
Bonbardaketak iraun bitartean pentsatutakoak ere aitortu zituen Iriondok: «Bukatu gabe zegoen babeslekuan sartuta egon nintzen hiru orduz, hurrengo bonbak noiz lurperatuko gintuen esperoan». Eta egoera hori dela gaur egun «leku askotan» bizi duten errealitatea esan zuen lekukoak.
Etorkizunean, bakea
Bizipenak batzen ditu ikus-entzunezkoak, eta bertan ageri diren guztien helburua bera da: herrialde baketsuan bizitzea. Berta Caceres Honduraseko lenka herri indigenako liderrari eskainita dago Los hilos del tablero, «ingurumena eta giza eskubideak defendatzen egindako lanagatik».
Gerra sufritu dutenek ez dutela inork gehiago horrelako egoerak bizitzea nahi adierazten dute ikus-entzunezkoan. Iriondok ere argi dauka: «Gerra saihestu ezean, ez dugu bakea aurkituko. Gainera, errugabeak diren biztanleak hilko dira. Gernikarrok ezertxo gabe geratu ginen, eta ez dugu horrelakorik berriro bizi gura».
Gerra bultzatzen dutenak elkartzea eta hitz egitea da Iriondoren ustetan egin beharrekoa. Izan ere, gerrak ekidin egin behar dira, eta horiek saihesteko borrokatuko dutela esaten dute batzuek eta besteek dokumentalean.
Hala, baina, bizitakoakaz ikasi egin dutela diote, «bizi arte ez duzulako horrelakorik imajinatzen». Iriondok argi dauka: «Gerra gorrotatzen ikastea izan da gerratik ikasitako onena».