Haurtzaro Solidarioa proiekturako elkartasun azoka egingo dute Gernika-Lumon
Iparralde-Hegoalde misio taldeak bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka jarriko du domekan [abenduak 9], Merkatu plazan, 13:00etatik 14:30era. Halaber, 14:00etan errifaren zozketa egingo dute.
Biltzen duten dirua Belenen dagoen Jainko Haurraren etxera bidaliko dute. Heziketa premia bereziak dituzten umezurtzei arreta egokia eta babesa emateko zentroa da. 2005ean sortu zuten, eta heziketa formal eta integrala emateaz gain, boluntario lanetan diharduten monjek eta beste hainbat langilek familia giroa bermatzea dute helburu.
Gernikako elizako ordezkarien berbetan, hainbat modutara lantzen dute elkartasuna: “Gernikaldeko kristau elkarte moduan laguntza eskaintzeko era ezberdinak ditugu. Alde batetik, Haurtzaro Solidarioa proiektuan parte hartzen dugu. Bestetik, interesa dutenek monjekin bolondres lanak egitera joateko aukera dute. Halaber, egiten diren ekarpen pertsonalak bideratzen ditugu”.
Haurtzaro Solidarioa proiektua. Iparralde-Hegoalde taldeak hainbat ekintza egiten ditu Haurtzaro Solidarioa proiektuari lotuta. Familientzat hitzaldiak, katekesia eman, jostailu bilketak, zozketak, ospakizunak… antolatzen dituzte, eta hainbat ekitalditan, Kosnoagako gazteen eta bestelako taldeen laguntza edukitzen dutela zehaztu dute.
Guztien artean bigarren eskuko azoka da ekitaldi nagusia, eta diotenez, Gabon garai honetan eginda, “kontsumismoaren inguruko hausnarketa” egitera bideratu gura dituzte herritarrak.
Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko asmoagaz sortu zuen Haurtzaro Solidarioa proiektua. Katekesietara doazen umeek euren etxeetan dituzten jostailuak ematen dituzte azoka solidariorako. 2005etik gaur egunera, ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan egiten dute bigarren eskuko liburuen eta jostailuen elkartasun azoka: “Haurtzaro Solidarioaren hamabi edizioetan 66.574 euro bildu ditugu”.