Bizkaiko marijesien taldeak Gernika-Lumon batuko dira bihar
Bizkaiko marijesiak Gernika-Lumoko Andra Mari elizan batuko dira bihar. Udalerriko marijesiez gain, Muxikako, Gautegiz Arteagako, Eako, Ibarrangeluko, Busturiko, Lekeitioko eta Iurretako taldeek bat egingo dute. Emanaldia 19:00etan hasiko da.Lekuan lek...
Lekuan lekuko izenaren arabera, Marijesiak, Abenduak, Kebonikuak… kantatzeko batzeko tradizioa gaur egunera arte mantendu dute aipatu herriotan. Batzuetan, gainera, bederatziurren osokoari (Gabon egun aurreko bederatzi egunekoa) eusten diote. Hala da Gernika-Lumon, Ean eta Gautegiz Arteagan, eta gainerakoetan, ostera, azken egunean ateratzen dira errondan. «Tradizioak, gaur egun, Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako lurretan bizirik dirau, eta kasu guztietan balio berezi bat hartzen du bertako bizilagunentzat», azaldu du Denis Azkarate Gernikako Marijesiak taldeko kideak.
Biharko topaketan parte hartzen duen talde bakoitzak zein bere herrian kantatzen dituen koplak eskainiko ditu, zein baino zein bitxiagoak; doinu eta letra propioekin. Izan ere, letrak antzerakoak dira, baina herriz herri aldaerak dituzte zenbaitetan. Halaber, luzerari dagokionez ere, batzuk luzeagoak dira eta beste batzuk laburragoak.
Gernikako Marijesiak dira aurtengo topaketaren antolatzaileak, eta ordezkariek esan dutenez, «edozelan ere denak dira goxo-goxoak eta Gabonak iragartzeko euren herrietan elementu sinboliko moduan funtzionatzen dutenak».
Marijesiak ondare ukiezin eta ukaezin direla iritzita, emanaldira bertaratzeko gonbidapena luzatu dute: «Deialdia zabaldu gura dugu, Gabonetako antzinako ohitura hobeto ezagutzeko aukera ederra delako. Aparteko abagunea da; tradizioaren aldaerak ikusi, entzun eta gozatu ahalko dituzte herritarrek».
Omenaldia
Andra Mari Elizako saioaren aurretik, Gernika-Lumoko Udalak Marijesiak omenduko ditu, taldearen ibilbideari aitorpena eginez. 18:00etan hasiko da ekitaldia, Adolfo Urioste Kalean.