Bonbardaketak. Errefuxiatuak. Gerrak. Testigantzak. Iraganeko eta gaur egungo herrialde desberdinetako herritarrek bizi izan dituzten eta gaur egun bizi dituzten errealitateak dira. Iraganean gertatutakoa ahaztu egiten dute askok eta askok, baina gerrek oraindik bizirik diraute, eta errealitate hori da José Gayá zuzendari valentziarrak ezagutzera eman nahi izan duena.
Los hilos del tablero dokumentalean
gerraren industria zelakoa den erakusten saiatu da Gayá, eta gatazken lekuko izan direnen bizipenak eta testigantzak ere jaso ditu. Atzo iluntzean proiektatu zuen ikus-entzunezkoa Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan, eta
bertan egon zen Luis Iriondo Gernikako bonbardaketaren lekukoa.
Azken mendeko gerra esanguratsuak errepasatzen dituen
53 minutuko dokumentala da
Los hilos del tablero, eta Iriondok Gernikako bonbardaketako bizipenak kontatzen ditu bertan.
Bakea ezinbesteko “beharrizana” delako egin du ikus-entzunezkoa zuzendariak. “Herrialde pobreetara egindako bidaietan gerrek eragiten zuten errealitatea ikusi eta dokumentala egitera animatu nintzen. Gatazka armatuek lurralde pobreak eta ingurumena zelan lehertzen zuten ohartu nintzenean ekin nion lanari”. Armen fabrikek eta kapitalismoak gerretan duten eragina aztertuta hasi zen lanagaz. Hala, gatazkek eragiten duten “indarkeria gutxitzen saiatzea” da Gayáren asmoa: “Lan honegaz eta indarkeria erabili gabe gerraren industria kritikatu gura dugu, baita horren atzean dagoen kapitalismoa ere”.
Arma fabrikek gobernuekin beraiek “nahi dutena” egiten dutela esan zuen Gayák: “Industriek bultzatzen dutena egiten dute gobernuek. Armak egiteko erabiltzen den dirua diru publikoa da, eta diru horregaz beste lurralde batzuetako herritarrak hiltzen dituzte”. Hala, bakea bultzatu guran, herrialde horietako errealitatea kontatzeko prest daudenen testigantzak bildu ditu ikus-entzunezkoan.
Testigantzak. Luis Iriondo gernikarraren errelatoagaz hasten da dokumentala, baina, besteak beste, Hiroshimako, Palestinako, Saharako, Irakeko, Colonbiako, Somaliako edota Honduraseko herritarren testigantzak ere jasotzen ditu. Lekuko bakoitza bere herrialdeko egoera azaltzeaz arduratzen da.
Ikus-entzunezkoan Gernikako bonbardaketa agertzea «ezinbestekotzat» jo zuen Gayák: «”Luis Iriondoren testigantza jaso nahi izan genuen, baita gertakaria bera ere. Gertatutakoa ezagutu egin behar delako”.
Gernikarrek 1937ko apirilaren 26an bizi izan zutena, gaur egungo errealitatea ere badela erakusten du bideoak.
“Bakeak ez digula ezertan eragiten uste du hainbatek, baina, gerrak nire bizitza aldatu zuen, eta alde batetik bestera joatea eragin zidan. Gaur egun ere hainbat dira egoera hori bizi dutenak”, esan zuen Iriondok atzo Elai-Alai aretoan. Bonbardaketa eta gero, bera ere errefuxiatua izan zela gogoratu zuen: “Gerra ez zen bonbardaketagaz bukatuta niretzako. Gernika-Lumotik Bilbora joan behar izan ginen, eta Bilbotik Santanderrera. Gero, beste hainbat lagunekin batera, Frantziara eskapatu genuen”.
Bonbardaketak iraun bitartean pentsatutakoak ere aitortu zituen Iriondok: “Bukatu gabe zegoen babeslekuan sartuta egon nintzen hiru orduz, hurrengo bonbak noiz lurperatuko gintuen esperoan”. Eta egoera hori dela gaur egun “leku askotan” bizi duten errealitatea esan zuen lekukoak.
Etorkizunean, bakea. Bizipenak batzen ditu ikus-entzunezkoak, eta bertan ageri diren guztien helburua berdina da: herrialde baketsuan bizitzea. Berta Caceres Honduraseko lenka herri indigenako liderrari dedikatuta dago
Los hilos del tablero, “ingurumena eta giza eskubideak defendatzen egindako lanagatik”.
Gerra sufritu dutenek ez dutela inork gehiago horrelako egoerak bizitzea nahi adierazten dute ikus-entzunezkoan. Iriondok ere argi dauka: “Gerra saihestu ezean, ez dugu bakea aurkituko. Gainera, errugabeak diren biztanleak hilko dira. Gernikarrok ezertxo gabe geratu ginen, eta ez dugu horrelakorik berriro bizi gura”.
Gerra bultzatzen dutenak elkartzea eta hitz egitea da Iriondoren ustetan egin beharrekoa. Izan ere, gerrak ekidin behar dira eta horiek saihesteko borrokatuko dutela esaten dute batzuek eta besteek dokumentalean.
Hala, baina, bizitakoakaz ikasi egin dutela diote, “bizi arte ez duzulako horrelakorik imaginatzen”. Iriondok argi dauka: “Gerratik ikasitako onena, gerra gorrotatzen ikastea izan da”.