Foruko nagusien udal egoitzak eguneko arreta zerbitzua martxan jarri duela iragarri du.
Foruko nagusien egoitza.
Itziar Urrutia egoitzako zuzendariaren berbetan, zerbitzu hori “eskualdeko herritar guztiei” zuzenduta dago. Izan ere, arreta zerbitzuak pertsona nagusiei
epe labur zein luze bat igarotzeko aukera eskaintzen die, familiaren beharrizanen arabera. Urrutiak azaldu duenez eguneko zerbitzuagaz
lau, zortzi edota hamabi orduko egonaldiak egin daitezke egoitzan,
8:30etik 20:30era bitartean, hain zuzen ere, asteko edozein egunetan.
Egonaldien barnean nagusientzako
“zerbitzu osoak” eskainiko dituzte. “Egoiliarrekin batera jarduerak egingo dituzte eguneko arreta zerbitzuaren barne dauden nagusiek. Psikologoarekin txandak eduki ahalko dituzte, eta edozein motatako ariketa fisiko zehatzak egin behar izanez gero, fisioterapeutarekin aritzeko aukera ere izango dute”.
Neurrira egindako zerbitzuak. Modu horretara, egoiliar bakoitzaren neurrira egindako zerbitzuak sortuko dituzte zentroan: estimulazio kognitiboa ardatz duten ekintzak, pertsona helduen psikomotrizitate ariketak eta
terapia dualak egingo dituzte. Azken horiek berritasun bezala aurkeztu ditu Urrutiak. Horietan,
alor fisiko eta kognitiboak bateratzen dituzte, bi alorretako onurak batuz era horretara. Ekintza horiek mediku, erizain, psikologo, fisioterapeuta eta erizaintzako laguntzailez osatutako talde batek prestatuko dituela azaldu du zuzendariak.
Horrez gain gosariak, bazkariak, askariak eta afariak emango dituzte zerbitzuaren barne. Pertsona nagusiak zaintzen dituzten familien beharrizanak asetzeko helburuagaz sortutako arreta zerbitzua dela nabarmendu du Urrutiak. Adierazi duenez, eskualdeko familien artean dagoeneko “harrera ona” izan du zerbitzuak.
Zerbitzuari buruzko
informazio gehiago jaso nahi duenak Foruko udaletxean edota egoitzan bertan informatzeko aukera dauka. Horrez gain,
94 625 60 73 telefonora deitu dezake.