Janari bilketak egingo dituzte eskualdeotan gaur eta bihar
Beste urte batez, janari bilketak egingo dituzte gaur eta bihar Mutrikun, Lea-Artibain eta Busturialdean. Bizkaiko Elikagaien Bankuak jakinarazi duenez, kanpaina honegaz Bizkaian urte osoan batzen den janariaren laurdena lortzen dute.Busturialdean Gern...
Busturialdean Gernika-Lumon eta Bermeon burutuko dituzte bilketak. Establezimendu handietan egingo dituzte; seitan eta bostetan hurrenez hurren.
Eroskin, Dian, BMn eta Lidl-en egin ahal dituzte ekarpenak gernikarrek; Bermeon, berriz, Eroskin, Dian eta BMn jarri dituzte bilketa postuak. Saltoki guztietan poltsak banatuko dituzte boluntarioek, eta herritarrek beraien ekarpenagaz bete ahal dituzte. Erosketak eginda, boluntarioek kaxetan sartuko dute jasotakoa.
Markina-Xemeinen herriko Caritasek Elikagaien Bankuagaz badihardu lankidetzan, estreineko, Gaboenei begirako bilketa bat egitea adostu dute. Azaldu dutenez, Eroskiren bidez egingo da bilketa. Establezimendu horretan erosten dutenek borondatea utzi ahalko dute kutxazainari horrela adierazita. Bestalde, kutxa batzuk ere jarri dituzte, eta erosleek nahi dutenegaz bete ahal dituzte. 09:00etatik 21:00etara egongo dira bertan.
Lekeition ere Eroskin egingo dute bilketa; gaur eta bihar 10:00etatik 21:00etara bitartean hain zuzen. Hamalau bat pertsona ariko dira boluntario modura jendeari poltsak eman eta jasotzen; gero, kutxetara sartzeko. Bakoitzak nahi duena sartu ahal du horietan.
Bono bereziak
Markina-Xemeingo, Lekeitiko Gernika-Lumoko eta Bermeoko Eroski eta BMko kutxazainek bono bereziakbanatuko dituzte aurten hirugarrenez.
Bonu horien bitartez lortutako diruagaz falta diren elikagaiak erosiko dituzte urte osoan zehar Bizkaiko Elikagaien Bankuko arduradunek.
Bildutako janaria, berriz, Bizkaiko Elikagaien Bankuan batuko dute, eta gero, Bizkaia osoko elkarteei banatuko zaie, herrietan gehien behar dutenei banatzeko.
Ondarroan Danonartik elkarteak bultzatu du janari bilketa, eta janari denda guztietan egingo dute. Urte guztian egin modura, egunotan ere kaxak ipinita daude. Era berean, denda batzuetan elkarteko boluntarioak egongo dira propio ipinitako mahaietan. Ondarrutarrek gaur egun osoz eta bihar eguerdira arte egin ahal dituzte ekarpenak.
Mutrikun, Gabon aurretik ohikoa den janari bilketa burutuko dute. Elikagaien Bankuko kideek esan modura, gutxien dutenek «Gabon duin eta zoriontsuak» ospatzea da beraien asmoa.
Hala, herriko 21 saltokitan egin ahal dituzte ekarpenak. «Denetariko jakiak eta produktuak erosi eta gero, saltokian bertan jarritako otarrean utzi ahalko dituzte». Itsulapikoak ere jarri dituzte dendetan.
Saltoki txikiez ez eze, Dian ere egingo dute bilketa Mutrikun. Bertan batzen dena Bergarara eramango dute, eta gainerako herrietan bildutakoarekin batera, Debabarrenan behar gehien dutenei banatuko zaie.