Gernika KESBek 47-78 galdu du Eurokopan Gironaren aurka
Kataluniarrak partidu hasieratik izan dira nagusi. Gernikarrak saiatu dira zaleen babesagaz partidua irabazten, baina ez dute lortu. Min hartu du Juana MolinakLointek Gernika Bizkaia 47-78 Spar Citylift Girona. Hori izan zen eguazten iluntzean Malostek...
Kataluniarrak partidu hasieratik izan dira nagusi. Gernikarrak saiatu dira zaleen babesagaz partidua irabazten, baina ez dute lortu. Min hartu du Juana Molinak
Lointek Gernika Bizkaia 47-78 Spar Citylift Girona. Hori izan zen eguazten iluntzean Malosteko markagailuak zioena Eurokopako partiduaren amaieran.Gernikarrek denboraldiko bigarren neurketa galdu zuten, bigarrena nazioarteko txapelketan eta bigarrena kataluniarren aurka. Eta Lointekeko arduradunen esanetan, kataluniarrek merezita irabazi zuten: «Defentsan intentsitatea falta izan zitzaigun, baloi asko galdu genituen, barruko jokoan gehiago izan ziren kanpokoak, eta Juana Molinaren lesioak ere zerikusia eduki zuen». Herenegungo garaipenagaz, kataluniarrek multzoko lehen postua bermatu eta sailkapena lortu zuten.
Partiduaren hasieratik igarri zen jokoan asko zegoela. Multzoko lidertza jokatzen ari ziren, eta tentsioa nabaria zen Malosten. Kataluniarrek barruko jokoa bilatzen zuten etengabe Nadia Colhadoren bitartez. Baina jokoa hautsi zuena Hampton izan zen. Lointekek nahi eta ezin, ez zuen aurkitzen uztaira iristeko bidea. Gironak estutu egiten zituen gernikarrak, eta horrek huts egitera eraman zituen etxeko jokalariak.
Bigarren zatiaren hasiera oso desberdina izan zen. Jazmon Gwathmeyk 3+1ekoa egin zuen lehenengo Maloste zutik jarriz, eta Vanderwalek hirukoa sartu zuen ondoren, Mario Lopezen taldeari itxaropena ekarriz. Baina esperantza izpi guztiak zapuztu egin ziren; lehenengo kirolez kontrakoarekin zigortu zuten Gwathmey, eta, gero, Juana Molina Pradoren lesioa iritsi zen. Malkotan eta malosteko ikuslegoaren txalo zaparraderekin utzi zuen kantxa.
Bi gertaera horiek etxekoen animoan zerikusia eduki zuen, eta Girona bezalako taldeek ez dituzte halako momentuak barkatzen. 0-7ko partziala egin zuten orduan kataluniarrek, eta gernikarrek ez zuten beraien indarguneetako bat den kontraerasorik gauzatu. Itziar Ariztimuñok beste martxa bat sartu zion neurketari, baina ez zen nahikoa izan.
Horren adibidea izan zen 5:37 minutu behar izan zituela Lointekek lehen saskiratzea egiteko aldageletatik bueltan. Hortzak estutu eta zaleen babesa behar izan zutenean jaurtiketetan edukitako eraginkortasuna falta izan zitzaion Lointek Gernikari. Markagailua iraultzea zaila zirudien, baina etxekoek ez zuten etsi. Hamar minutu geratzen ziren amaierarako, eta Naiara Diezen hiruko batek Maloste berpiztu zuen, baina kataluniarrek ez zuten ezusterik nahi, eta partidua euren aldera gehiago eraman zuten, erasoko erreboteak hartuz eta gernikarrak itoz.
Ligaren txanda
Atsekabetzeko denborarik gabe liga txapelketa bueltan da Malostera. Asteak dira Dia ligako neurketarik jokatzen ez dela gernikarren etxean, eta gogotsu daude Lopezen neskak. Baxi Ferrol talde galiziarra hartuko dute zapatuan, 18:30ean. Gernikarren kontran, zazpitik zazpi partidu galdu dituzte, eta azkenak dira sailkapen orokorrean.