Gatibuk berritasunez betetako 'Azken Indioak' lana aurkeztu du gaur
Euritan dantzan jarri ditu hainbat eta hainbat herritar Gatibuk. Orain, beldurrak galdu eta salto egiteko dio talde gernikarrak.
Beti leku eta jende berdinagaz egonda emaitzak ere berdinak direla arrazoituta, Texasen grabatu dute disko berriaBizitzeko gogoek bultzatuta, bidean aurrera jarraitzea erabaki zuten taldekideek. Hala, aurkikuntza bide horretan, musikagaz toki ezezagunak bilatzeari ekin zioten: “Lehenago bilatu ez ditugun bideak bilatzea izan da diskoa egiteko motibazio handiena. Ez zaigu atzera begiratzea gustatzen, eta gauza berrien bila joan gara oraingoan”. Kulturari so. Euskal herritarrak “aurrera begira” dauden herritarrak direla aitzaki hartuta, Euskal kultura bultzatu gura du oraingoan ere Gatibuk. Azken Indioak izenburuagaz euskal kultura goraipatzeaz gain, hausnarketara bideratu gura ditu entzuleak. “Europako lehenengotariko herria gara, gurea da kontinenteko hizkuntza zaharrena. Hala, baina, ez gara kontsumora bideratutako produktuak bakarrik. Zerbait gehiago gara: edonorantz joateko gaitasuna duen herri modernoa gara”, azaldu dute Alex Sarduik eta Haimar Arejitak. Hori horrela, euskal kultura transmititzen duen katearen parte izan nahi du Gatibuk. Izan ere, euskara museo bateko hizkuntza izatea ekidin gura dute: “Euskal kulturak bizirik irautea bultzatu behar dugu. Ez dugu gure kultura museo batean gordetzea nahi, ezta plater batera mugatuta geratze ere. Guk rocka, musika, hizkuntza… bizirik mantendu behar direla uste dugu, eta horretarako zaindu egin behar ditugu. Europako azken indioak garelako”. Diskoaren asmoa mantenduz, denetariko abestiak sortu dituztela aitortu du Sarduik: “Batzuk mugitzekoak dira, alaiak; beste batzuk berriz, tristeagoak”. Halaber, melodiak eta letrak “josi” egin dituztela aitortu du abeslariak: “Letretan ere salto egin dugu. Bakoitzak bere erara interpreta ditzake kantuak, norberak bereak egin ahal ditu abestiak”. Grabaketa Texasen. Letrekin ez eze, leku ezezagunetara ere egin dute salto Gatibuko kideek: “Nondik gatozen jakin arren, ez dakigu nora goazen”. Beti leku eta jende berdinagaz egonda emaitzak ere berdinak direla arrazoituta, Texasen grabatu dute disko berria.
Freskotasunez eta egunerokotasunez betetako zazpi kanta batzen ditu taldearen azken geltokia den diskoak.Hain zuzen, Sonic Ranch Studio deitutako Texaseko estudio “berezi zein ezagunean” grabatu dute. Urte luzean musikari ezagunen aterpe izan den lekua da estudioa. “Bertan dauden jostailu guztiak ikusita musikarien Disnelyland da dela esan dezakegu”, aitortu du Arejitak. Bederatzi-hamar egunetan oso kontzentratuta eta musika uneoro arnastuz grabatu dute Azken Indioak lana. “Soinu berriak bilatu ditugu eta beste diskoetatik aldendu gara. Ez dugu errepikatzeko gogorik eduki”, esan dute taldekideek. Soinu berriak bilatzeko ibilbidean Santi Garcia ekoizle kataluniarraren laguntza “oso erabakigarria” izan dela aitortu du Gaizka Salazarrek: “Oso erraz nabaritzen da bere eragina. Orain arte taldekideok besterik ez ditugu moldatu gure abestiak. Oraingoan, baina, Santi Garciak lagundu digu abestiak moldatzen. Berari esker, gu inoiz joango ez ginatekeen lekuetara iritsi gara”. Musikalki, gainera, letrek adierazten dutena musikak ere transmititzea lortu dute, “osotasunean” eraikita dauden kantuak sortuz. Ohiko instrumentuez aparte, beste batzuk ere probatu eta landu dituzte Gatibukoek: haizea, pianoa, perkusioa… Horrela, Disneylanden itxura zuen Texaseko estudioan “magia” egitea lortu dute laurek. Arriskatu egin dira azken lanagaz. Nahi dutena egin eta bilatzen zutena aurkitu dute Gatibuko kideek. Azken diskoko Salto abestia eredu hartu dute: Gauzak berez ez dira aldatzen. Hutsera saltoten ez badogu berdinien jarraitzuko dogu.