Oinezkoentzako herri erosoago bat egiteko pausoak eman nahi dituzte
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak herritarren aurrean agerraldia egin du, udalerriko proiektuen berri emateko. Aipatutako gaien artean, aparkalekuak nabarmendu dituIdurre Bideguren alkatea herritarrekin batzartu da 2018an Bermeon egindako lan eta berr...
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak herritarren aurrean agerraldia egin du, udalerriko proiektuen berri emateko. Aipatutako gaien artean, aparkalekuak nabarmendu ditu
Idurre Bideguren alkatea herritarrekin batzartu da 2018an Bermeon egindako lan eta berritasunen berri emateko eta datozen hilabeteetarako udalak aurreikusita dituen proiektuei buruz hitz egiteko. Aipatutako proiektuen artean, Pergolan Gaztelugatxera doazenentzako ibilgailuentzat eraikiko duten aparkalekua nabarmendu du.Alkateak azaldu duenez, Bermeok «disuasio aparkalekuak» izateko beharrizanetik jaio da proiektua. Izan ere, udalak prest duen mugikortasun planari jarraituta, «kaleetan ibilgailu asko daudela» nabarmendu du. Horren harira, oinezkoei zein bizikleten erabiltzaileei lehentasuna eman nahi dietela azaldu du. «Oinezkoentzako eta bizikletentzako herri erosoagoa egiteko autoak atera behar ditugu». Eta horretarako herria inguratzen duten aparkalekuen sare bat prestatzen ari da udala. Txirritxa kaleko aparkalekua berritzeko eta konpontzeko lanak, esate baterako, hasita daude, eta horri Pergolako 348 aparkalekuak gehituko dizkie.
Autoak kaleetatik ateratzeko, baina, uzteko guneak ezinbestekoak direla azpimarratu eta mugikortasun planaren lehen pausoa aparkaleku horiek eskaintzea dela adierazi du.
Bestalde, Zarragoitxiko lanen atzerapenari buruz mintzatu da. Azterketa soziourbanistikoaren emaitzak abenduan jakinaraziko dituztela aurreratu badu ere, epe laburrean egin beharreko konponketen berri eman du. Batetik, Askatasun Bidetik Zarragoitxirako sarrerako biribilgunea kendu egingo dute, suhiltzaileen eta osasun zerbitzuen ibilgailuentzat oztopo izan daitekeelako, eta igogailua eta eskailerak konponduko dituzte.
Argiteriaz ere jardun da. Kale batzuk «ilun» geratu direla esan du, eta udalaren nahia auzoen arteko homogeneotasuna lortzea dela. Herritarren zortzi kexa jaso ditu udalak, eta konponbidea bilatzen ari dira.
Jolasgunearen proiektua
Erreten eraikiko den jolasguneari dagokionez, proiektuak izandako arazoengatik atzerapenak egon direla argitu du. Halere, proiektuak aurrera jarraitu duela nabarmendu du Bidegurenek: «Esleipena eginda dago, eta datorren urteko lehen hilabeteetan martxan jarriko dugu». Udalak martxorako lanak bukatuta izatea aurreikusten du.