Ondarroan galdutako arrantzalearen hilotza aurkitu dute
Arraunean entrenatzen zebiltzan mutil alebinek aurkitu dute portuko aho parean, ur azalean. Gorpuari autopsia egingo diote, heriotzaren zergatia argitzekoHerrizaingo Sailak zapatu eguerdian baieztatu zuenez, azaroaren 18 goizaldean Ondarroako barra mus...
Arraunean entrenatzen zebiltzan mutil alebinek aurkitu dute portuko aho parean, ur azalean. Gorpuari autopsia egingo diote, heriotzaren zergatia argitzeko
Herrizaingo Sailak zapatu eguerdian baieztatu zuenez, azaroaren 18 goizaldean Ondarroako barra musturrean desagertutako 44 urteko arrantzale arrasatearraren gorpua aurkitu zuten zapatu goizean, Ondarroako portuko uretan. Gorpua hildakoaren familiak identifikatu zuen. «Ohiko prozedurari jarraituta, gorpua Auzitegi-Anatomia Institutura eramango dute autopsia egin eta heriotzaren zergatia argitzeko».Hilotza arraunean entrenatzen ari ziren Ondarroa Arraun Elkarteko mutil alebinek aurkitu zuten portu sarrerako ahoan, 10:05 aldera, ur azalean. «Entrenatzen ari zirela arraunagaz jo dute gorpua», baieztatu zuten lekukoek.
Berria jakin orduko, ertzainak eta larrialdi zerbitzuetako anbulantzia Gurutze Gorriaren base aurrean batu ziren Gurutze Gorriko boluntarioekin eta desagertutako arrantzalearen familiako kideekin batera. Udaltzainak ere hilotza aurkitu zuten lekura bertaratu ziren, eta gorpua uretatik ateratzen lagundu zuten.
Larrialdi zerbitzuetako erreskate taldeak zazpi egunez ibili ziren desagertutako arrantzalearen bila airez, lurrez eta itsasoz, baina zapatura arte ez zuten haren arrastorik aurkitu.
Arrazoi fisikoak
Itsasoan gertatzen diren desagerpenekin eskarmentu handia duten adituen arabera, ohikoa da itotzen diren gorpuak zazpi-hogei egunen artean agertzea.
Arrazoiak fisikoak izaten dira. Datuen arabera, pertsona bat itotzen den momentuan gorpua itsas hondora joatean da. Itotzea beste arrazoi batzuengatik gertatzen bada, aldiz, gorpua ur gainean mantendu dezake lehen orduetan. «Zazpigarren eta bederatzigarren egunen artean, gorputzaren, arropen eta uraren tenperaturaren arabera, besteak beste, deskonposizioak sortzen duen gas metanoak gainazalera ateratzen du gorpua. Gasa kanporatu ondoren, baina, itsasoak irentsi egiten du gorpua berriro».
Era berean, 19 eta 23 egunen artean, posible izaten da itsasoak hildakoa berriro ur azalera ateratzea. «Azala, giharra edo organoak, hezurrak izan ezik, bigundu egiten dira gorputza berriro azaleratuz».