Beste garaipen bat. Zazpitik zazpi. Selekzioek jokatzeko iragan asteko geldialdiak ez dio kalterik egin Gernika-Lumoko taldeari eta
65-77 menderatu zuen asteburuan Ensino talde galiziarra. Lugon lortutako garaipenak ere aurretik lortutakoen gako berdinak izan zituela azpimarratu dute klubetik:
defentsa solidoa eta eraso bizi, eragikor eta aldakorra.
Dietrick uztai azpira sartu nahian Ensino Lugoren aurkako neurketan. Argazkia: Ensino Lugo/Facebook
Vanderwall, Dietrick, Gwathmey, Roundtree eta Pascuak osatu zuten hasierako bostekoa. Bi taldeek garaipena lortzeko bide desberdinak aukeratu zituztela hasieratik ikusi zen kantxan. Etxekoen xedea neurketa geldo bat lortzea zen bitartean gernikarrek erritmoa bizitu nahi zuten. Azkenerako lortu zuten partidua euren lekura eramatea.
Sei minuturako 8-13 aurretik ziren Mario Lopezen neskak eta lehen laurdena amaitu orduko 12-22 zen markagailua. Bigarren laurdenean partida apurtzeko aukera bikaina eduki zuen Lointekek, lehenengo
Diezen hiruko jaurtiketa batekin eta Berezhynskaren beste batekin gero, baina hurrengoak ez ziren sartu eta galiziarrek borrokan jarraitzeko arrazoiak ikusi zituzten. Hirukoak sartzen hasi ziren eta horrek markagailuan hurbiltzeko aukera eman zien. Baina etxekoak jaurtiketak huts egiten hasi zirenean Lointekek aldea 10 puntutik gora manetentzea lortu zuen, erasoen fin jarraitzen baitzuten. Atsedenaldirako hiru minutu eta erdi falta zirenean Pascuak saskiratutako baloi batek markagailua 26-42 jarri zuen.
Bigarren zati hasieran
Lointeken eraginkortasuna jaitsi egin zen kanpoko jaurtiketak ez baitziren sartzen. Naiara Diezen hiruko batek eman zion amaiera hutsen tarteari eta orduan neurketa zoratu egin zen. Baina galiziarrek momentu horietan egindako akatsek
27.minutuan markagailua 40-31era joatea ahalbidetu zuen. Momentu horretan gernikarren eraginkortasuna ere jaitsi egin zen baina defentsan egindako lan onak puntu gabezia horrek markagailuan eraginik ez izatea eragin zuen.
Partida baino lehen Emakumeenganako Indarkeriaren aurka agertu ziren bi taldeak eta epaileak.
Argazkia: Ensino Lugo/Facebook
Azken txanpan jokalariak apur bat lasaitu eta etxeko zaletuen artean markagailua iraultzeko esperantza txiki bat zabaltzen hasteaz batera
Mario Lopezek taldea berregin eta aldea mantentzea lortu zuten. Azken hatsean Aliagaren hirukoek markagailua txukuntzea lortu zuten arren amaieran 12 puntuko aldeagaz irabazi zuen Lointekek, 65-77.
Sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du Gernika Bizkaiak, zazpitik zapi irabazita Permuferias Avenida taldearekin 14 puntutara berdinduta. Baina orain Eurokoparen txanda dator. Eguaztenean [azaroak 28] 20:00etan Spar Citylift Girona taldea hartuko dute Malosten.