Gernika Rugby Taldea mendean hartu zuen UE Santboiana taldeak Heineken ligako bederatzigarren jardunaldiari zegokion partiduan Baldiri Aleu zelaian.
53-13 izan zen azken emaitza eta gernikarrek beheko postuetatik ateratzeko borrokan jarraitu beharko dute.
Neurketa gogorra izan zen
Nicolas Martinezen hamabostekoarentzat. Partidako lehen minututik atzetik jarri ziren basurdeak, hasierako ostikoaren ondoren kataluniarrek egindako entsegu baten ondorioz. Etxekoen hasiera onari aurre egitea lortu zuten kanpokoek
Santiago Viaña eta Matias Frutosen jokaldi baten ostean eta markagailua 7-3ra hurbiltzea lortu zuten. Baina handik minutu gutxira Santboianak aldea handitzea lortu zuen Jonnathan Bentleyk egindako beste marka batekin; markagailuan 14-3 aldendu ziren.
Gernikarrak gogor saiatu ziren arren ez zuten lortu garaipenarekin itzultzea. Argazkia: Anuar Gomez
Aldea nabarmena bazen ere basurdeak hazi egin ziren zelaian eta zailtasunen aurrean gora egin zuten. Lehenengo
Bruno Mercantilek entsegu batekin eta gero
Matias Frutosek zutoinetara egindako jaurtiketa batekin 14-10ekoa ezarri zuten markagailuan. Minutu gutxira berriz ere puntuak batu zituzten gernikarrek Matias Frutosek erdietsitako zigor kolpe batekin (14-13). Baina markagailua iraultzea posiblea zela zirudienean etxekoek beste entsegu batekin
itxaropen guztiak zapuztu zizkieten basurdeei, markagailua 19-13 jarriz. Zelaian zegoen berdintasuna ez zen markagailuan islatzen eta are gutxiago atsedenaldira joan aurretik Santboianak bereganatu zuen beste puntu sorta batekin; atsedenaldian 26-13 zen markagailua.
Bigarren zatia ere antzerakoa izan zen.
Parekotasuna zelaian, baina entseguak etxekoek egiten zituzten bakarrik; bosgarrena mele batean baloia lapurtu ostean heldu zen. Etxeko taldea joko erasokorregia egin barik eduki zituen aukerak ondo baino hobeto baliatzeko gai izan zen, eta gernikarren erasoko jokoa ere ezerezean utzi zuten. Partida amaitu aurretik Santboianak beste zigor kolpe bat gauzatu eta beste bi marka egin zituen, azken markagailua 53-13 utziz.
Bederatzigarren jardunaldia amaituta, basurdeek
hamaikagarren jarraitzen dute 11 puntugaz, Hernani dagoen hamargarren postutik 5 puntura.