Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak
625.000 euroko inbertsioa egingo dute lanak aurrera eramateko.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak hitzarmen bat adostu dute Bermeon Gaztelugatxera doazen
ibilgailu partikularrentzako aparkalekua egokitzeko
Pergolan. Azpiegitura horren bitartez, bisitarientzat Bermeora joatea erosoagoa izatea nahi dute, eta modu horretara, Gaztelugatxera iristea erraztu, bai eta herriaren erakargarritasun turistikoa sustatu.
Rementeriaren esanetan, jarduketa horrek Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon eta Bizkai osoan
turismo iraunkorraren eta kalitatekoaren alde egindako apustua indartzeko balioko du.
Idurre Bideguren, Unai Rementeria eta Aritz Abaroa, Pergolako aparkalekuan. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
“Bisitariak Bermeora iristea erraztu eta ibilgailu pribatuentzako aparkaleku bat ipintzen dugu. Horrela, bisitari gehienek garraio publikoa erabiltzen saiatzen gara, eta, Bermeoko merkataritza-jardueraren potentziala sendotzeaz gain, ingurunea eta ingurumena zaindu eta babesten laguntzen dugu. Erakundeen indarrak batzen direnean, herritarra da onuradun nagusia”, esan du Ahaldun Nagusiak.
Udalaren proiektua. Bidegurenek adierazi duenez, aparkaleku berria Bermeoko Udalaren proiektu bat da, eta Gaztelugatxeko San Juanen plan integralean aurkeztutako
50 alegazioetako batean jasotzen da.
Alkatearen berbetan, “Gaztelugatxera doazen
bisitarien %64 Bermeotik iristen dira”. Udalaren helburua portzentai hori handitzea dela adierazi du Bidegurenek, “Bermeoren eta Gaztelugatxeren arteko lotura indartuz, ingurunean masifikazioak saihestuz eta gure ingurumena eta nortasuna babestuz. Aparkaleku horrekin
turismoaren garapen iraunkorrari lagundu eta turismo aktiboa sustatzen dugu“.
Aparkalekuak
Bermeo iraunkorra, atsegingarria eta osasungarria mugikortasun-proiektua garatzeko egokia izango dela azaldu du Bidegurenek. Proiektu horrek oinezkoei eta bizikletei ematen die lehentasuna herriko arteria nagusietan. Horren ondorioz, hitzarmena positiboa izango dela dio alkateak, eta era horretako hitzarmen gehiago egitea espero du, “herritarren onerako direlako eta Gaztelugatxek ematen dizkigun aukerak hobetzen dituelako”.
Zehaztu dutenez, aldundiak 515.000 euroko inbertsioa egingo du obra horretan, Bermeoko gobernu taldeak eta EAJ udal taldeak batera egindako eskaera bati erantzuteko. Bermeoko Udalak, bestalde, 110.000 euroko ekarpena egingo du.
Bisitariak. Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera, 2018ko ekainaren 15etik irailaren 30era arte Gaztelugatxek
309.233 bisitari eduki ditu. Beraz, iazko datuekin alderatuta % 2,94ko igoera izan dela zehaztu dute.
Horrez gain, bisitarien sarrera kontrolatzeko sistemen ondorioz, pertsonen joan-etorriak hobeto arautu dituzte, pilaketa gutxiago egon dira, eta, oro har, bisita esperientzia hobea izan dela azpimarratu du aldundiak.