“Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen, baina mugitzen denak errepresioa jasaten du. Hau da azken urtean gernikeko gazteriak, eta azken hilabetean batez ere gernikeko ikasleek bizi dutena”,
salatu zuten bariku iluntzean Eztena proiektuko gazteek.
Hala, insitutu zein ikastoletan ertzainen presentzia “itogarria” dela esan zuten: “Ertzainen mehatxuak eta irainak etengabekoak dira”.
Bereziki ikasle batek sufritu duen jazarpen poliziala salatu zuten barikuan. Gazteen berbetan, “asko” izan dira ikasle horrek sufritutako mehatxu, irain eta probokazioak: “Orain hilabete institututik ateratzerakoan atxilotu, komisaldegira eraman eta bertan ikasleak jasandako mehatxuak salatzen ditugu. Kasu hau azken urteetan ertzainek, udaltzainek zein udalak gazteekiko izan dituen jarreren adibide bat baino ez da”.
Hori horrela,
Eztena proiektuak hainbat eraso jasan dituela eta jasango dituela esan zuten, baita boteredunek eraso horiek beraien boterea mantentzeko erabiltzen dituztela ere”.
Hala, baina, gazteek duten tresnarik eraginkorrena
“elkartasuna” dela esan zuten: “Elkartasunez erantzungo dugu atxilotutako ikaslearen kasuan, eta baita eguaztenean epaituko dituzten hiru gazteen auzian ere”.
Dinamika berria. Barikuan egindako salaketa dinamika berri baten aurkezpena ere badela adierazi zuten Eztena proiektuko kideek, eta hainbat ekintza, formakuntza eta ekimen egingo dituztela aurreratu zuten: “Dinamika berria autodefentsaren bidez gorpuztuko dugu, erasoen aurrean, modu antolatu eta kolektiboan erantzunez”.
Abenduaren 13an ekimen berri bategaz abiatuko dute dinamika berria, eta herritarrei bertan egoteko dei egin diete.