Gernika-Lumoko
Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguna etzi dela arrazoi hartuta Elai-Alai aretoan batu dira udalerriko hainbat ikasle, eta lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi dituzte. Guztira
lau izan dira aurkeztutako bideoak: Allende Salazar ikastetxeko
Printzesaren hegoak, San Fidel Ikastolako
Laztana eta
Gure Egunerokoa, eta Barrutiako
Zer abesten dugu.
Horien artean,
Gure Egunerokoa izan da
irabazlea. Egileek Leire Bideguren Gizarte Ekintzarako Zinegotziaren eskutik hartu dute
250 euroko saria; beste taldeek ere jaso dute diploma.
Onintza Enbeitak zuzendu du sari banaketa, eta oraindik emakumeek
lasai ibiltzeko “esfortzua” egin behar dutela esan du: “Neskok ez dugu ausartak izan gura, guk libreak izan gura dugu”. Eta horretarako, beharrezkoa dela beldurra galtzea dio Enbeitak. Etorkizuna, gainera, beldurrik ez dagoen gizartean dagoela dio.
Parte hartzaileak eskertu ditu Enbeitak, “gazteek kontzientzia hartzea ezinbestekoa delako”. Etorkizuna direla esan die ikasleei, eta Beldur Barik bezalako lehiaketetan gehiago
parte hartzera animatu ditu.
Indarkeria matxistaren aurka emakumeak zein gizonak, “guztiak” direla beharrezkoak dio bertsolariak: “Oraindik bidea egiteko asko geratzen zaigu guztioi”.
Tailer bi. Emagin taldearen eskutik,
12 eta 17 urte bitarteko neska gazteei zuzenduta dagoen
Autodefentsa feminista tailerra egingo dute abenduaren 5ean eta 6an Maria Agirre aretoan. Lehenengo egunean 17:00etatik 20:00etara bitartean eraso sexistei buruz ariko dira hizketan; abenduaren 6an, berriz,10:00etatik 13etara bitartean izango da tailerra. Besteren artean, neskek eraso sexistak nola sufritzen dituzten ikusiko dute, bai eta erasoak zelan identifikatu daitezkeen ere.
Desjabetze Clown deitzen da Maria Agirre aretoan eskainiko duten beste tailerra; azaroaren 30ean 19:30etik 21:30era bitartean parte hartu ahalko da bertan, eta abenduaren 1ean, berriz, 10:30etik 12:30era bitartean.
Antolatzaileek jakitera eman duten moduan, Juanma Rodriguezek zuzenduko du tailerra. Feminismoari buruz hausnartzeko eta gizonezkoen egoera pribilegiauaz eta botere harremanetaz jarduteko aukera egongo da bertan. Tailer hau, Zipriztintzen elkarteak antolatu du.