Arrain Kontserberen hitzarmenean adostutakoaren berri eman dute
LAB sindikatuko kideek Gernika-Lumon egin dute agerraldia. Urtebete iraun duten negoziaketak «zailak» izan direla diote. Akordioa hiru urtekoa izango daBizkaiko Arrain Kontserba eta Gazituetako langileen sindikatuek eta patronalak hitzarmen berriaren...
LAB sindikatuko kideek Gernika-Lumon egin dute agerraldia. Urtebete iraun duten negoziaketak «zailak» izan direla diote. Akordioa hiru urtekoa izango da
Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazituetako langileen sindikatuek eta patronalak hitzarmen berriaren aurreakordioa sinatu dute aste honetan. Hitzarmenean adostutako puntuen berri emateko agerraldia egin du LAB sindikatuak Gernika-Lumon.Jobi Alkorta hitzarmenaren arduradunak akordioa lortu ahal izateko ibilbide luzea zer nolakoa izan den azaldu du. Urtebete inguru iraun duten negoziaketak «zailak» izan direla adierazi du. Izan ere, aste honetarako hainbat geldialdi egiteko prest izan dira, horiek aurreakordioaren ondorioz «bertan behera» gelditu diren arren.
Azken 12 hilabeteetan 19 bilera egin dituztela zehaztu du Alkortak. Hitzarmen berriaren planteamendua hiru urtekoa izango dela azaldu du, 2018tik 2020ra bitartekoa, hain zuzen ere.
Soldatak eta lizentziak
Adostutako gaien artean soldatak eta lizentziak izan dira gakoak LABeko kidearen arabera. Azaldu duenez, «langileen artean emakumeak nagusi diren sektorea da arrain kontserberena», eta hori horrela izanik, «lizentzia eta beharrizan bereziak» izan behar dituzte langileek.
Amaia Roman LABeko kidearen arabera, hitzarmenagaz soldatak igo eta KPIa onartzea lortu dute. Horrela, 0,25eko igoera izango du hiru urte horietan.
Langileen baimenei dagokienez, «hainbat hobekuntza» lortu dituztela azaldu du. Osasun arazoengatik espezialistengana joan behar izanez gero, langileek behar beste ordu edukiko dute baimenagaz. Horrekin batera, senideei laguntzeko zortzi ordu eta lanegunetan ospitaleratuta dauden senideak zaindu ahal izateko bost egun izango dituzte. Egun bakarreko ospitaleratzea behar izateko kasuan ere lizentzia eskuratu dute.
Bestalde, 50 langile baino gehiago dauzkaten enpresetan Berdintasun Plana adosteko batzorde bat eratzea erabaki dute, «lanpostuen kategoriak aztertzeko asmoz». Oraindik zehazteke badago ere, patronalagaz alor horretan lan egitea adostu dute.
Adostutako onura guztiak «eragin orokorrekoak» direla azpimarratu du Alkortak. «Alde sozialean eta patronalean gehiengoak sinatu duenez, kontratu iraunkorrak edo aldi baterakoak dituzten guztiek jasoko dituzte».
ELA, hitzarmenetik kanpo
ELA sindikatua adostutako aurreakordiotik kanpo geratu da. Azaldu dutenez, hitzarmenaren hastapenetik «egun sektoreko langileek dituzten soldata baxuak nabarmen igotzea» izan da sindikatuaren helburuetako bat.
Hasiera batean LAB, CCOO, UGT eta ELA sindikatuak batera lanean aritu baziren ere, eskakizunak «bileraz-bilera jaitsi» egin zirela azaldu dute ELAkoek, eta horren aurrean sindikatua akordiotik irten egin zen.
Alkortak azaldu duenez, gainerako hiru sindikatuek «beste planteamendu batzuk» egin zizkioten patronalari, modu horretara hitzarmena izoztuta geratzea ekiditzeko.