Arma lantegia izatetik gaur egun den kulturarako fabrika soziala izatera igaro zen Astra. Zapatuan, baina,
metal musikarien eta jarraitzaileen topagune izango da. Metal Fabrikaren hirugarren denboraldiari hasiera emango diote, eta hiru talde arituko dira bertan: Gernika-Lumoko
Bullets of Misery, Urdulizko Holy Txala eta Palentziako Karmak. Kontzertuen arteko atsedenetan ere metala entzungo da Astran, DC Data-ren eskutik.
Jaialdia 20:30ean hasiko da.
Urtez urte sendotzen doan jaialdia dela esan dute Eneko Bedialauneta, Jon Learreta eta Alain Atxikallende antolatzaileek. “Badago hutsik egiten ez duen taldetxoa, baina jendeak errepikatu egiten du, eta urtez urte gero eta jende gehiago animatzen da; handitzen doan jaialdia da”. Metal Fabrika “sendotzen” joatea gura dute arduradunek, eta metal taldeen artean “marka” sortzen doala uste dute. Izan ere, gero eta talde gehiago dira Astrako oholtza gainean egon nahi dutenak.
Gustura eta indarberrituta atera ziren
Metal Fabrikaren antolatzaileak aurreko bi denboraldietatik. Hala, hirugarren denboraldiaren lehenengo edizioa daukate esku artean. Aurreko urteetakoak aztertuta, formatu berari eustea erabaki dute: Hiru talde eta kontzertu hasiera, amaiera eta atsedenak girotuko dituen Dja egongo dira. “Oso pozik gaude formatuagaz; jaialadia ez da astuna, ezta oso azkar bukatzen den horietakoa ere. Bertaratutakoak oso gustura geratu dira aurreko urteetan, baita gu ere”, dio Bedialaunetak.
Argazkia: Metal Fabrika
Norebere atseginerako antolatzen dituzte kontzertuak, baina edizio bakoitzean kalitatea mantentzea ere badute asmo. Musika estilo horrek eskaintzen duen
aniztasuna ere bermatu gura dute antolatzaileek. “Metalaren barruan espektroa oso zabala da, eta estilo ezberdin asko lantzen dira. Jaialdiak antolatzerakoan aukera ezberdinak eskaintzea da gure asmoa, alternatibak ematea. Koherentea den jaialdia gura dugu”, diote.
Aukerak zabaldu. Antolatzaileek diotenez, metal musikaren eszenak publiko fidela dauka. Hala, bai
zaleei eta baita
musika taldeei ere
aukerak zabaltzea izan dute hasieratik helburu: “Eszena badago, baina taldeek ez dute aukera askorik Astra moduko eszenatoki batean jotzeko; aforo interesantea dauka eta eszenatoki polita da. Sortzen dena erakusteko modu bat da Metal fabrika”.
Gainera,
bertoko taldeek ere presentzia edukitzea gura dute, eta lehenengo saioa da horren erakusle, Bullets of Misery herriko taldeak beraien lan berria aurkeztuko duelako bertan. “Euskal Herriko taldeen presentzia bermatu nahi izan dugu beti. Hala ere, kanpotik etorri diren taldeak ere badaude; edizio honetan, Palentziakoak ariko dira. Bertokoak diren eta
underground musika egiten dutenen lanak erakusteko aukera ematen du Metal Fabrikak”.
Irratia. Metal jaiak Biztu Irratiagaz lotura zuzena dauka; urte osoan zehar, udan izan ezik metal musikari buruz eta taldeen lan berriei buruz aritzen dira astean behin Metal Fabrikako arduradunak.”Espektro zabala duen musikaren hainbat abesti aukeratzen ditugu, eta horiek jarri”.
Aurten ere, aurreko bi denboraldietan egin legez, sarreragaz batzen duten dirua taldeak ordaintzeko izango da. Barran ateratzen dutena, berriz, Biztu Irratia laguntzera bideratuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek: “
Irabazi asmorik gabeko taldea gara”.
Guztira lau dira Metal Fabrikaren arduradunak, baina “zabalik” dagoen taldea direla esan dute. Gainera, jaialdia antolatzen lagundu dieten lagunei ere
eskerrak eman nahi izan dizkete.