Pazo Provicial dos Deportes Lugo kantxan jokatuko da neurketa, domekan 18:00etan. Iragan astean
ez zen partidurik egon Dia ligan selekzioek jokatu behar izan zutelako, beraz, indarberriturik daude jokalariak. “Eskertu dugu geldialdi hau, denboraldi hasiera oso gogorra izan baita ligako eta Eurocupeko partiduak direla eta. Neurketa asko batu zaizkigu egun gutxiren buruan”, azaldu dute gernikarrek. Baina jokalari guztiek ez dute atseden hartzeko denbora izan,
Rachel Vanderwal eta Eleanna Christinaki jokalariak Britainia Handiko eta Greziako selekzioekin aritu baitira hurrenez hurren. “Astean hirutan jokatzeak asko nekatzen ditu jokalariak baina inertiz onean egoteak guztia askoz errazagoa izatea laguntzen du”, aitortu du
Txutxi Solar entrenatzailearen laguntzaileak. “Psikologikoki ere
geldialdi hau oso ondo etorri zaigula uste dut. Taldeak daukan osaerarengatik aldaketa asko egin ahal izan ditugu partiduetan eta horrek minutuak erregulatzea ahalbidetu digu”.
Txutxi Solar entrenatzaile laguntzailea aginduak ematen. Argazkia: Gernika KESB
Gernikarrak sailkapenaren goiko postuei eustera joango dira eta ahal bada
lidertza eskuratzera. Perfumerias Avenida taldeagaz berdinduta daude Mario Lopezek zuzendutako neskak eta ligan daramaten martxa onagaz jarraitu nahi dute;
seitik sei garaipen eskuratu dituzte. Galiziarrak 10. postuan daude sailkapenean bi garaipen eta lau porrotegaz eta beraientzat ere partiduak garrantzi berezia dauka beheko postuetatik aldentzen saiatzeko.
Gurutze Gorriarekin. Gernika Bizkaiak bat egin zuen atzo [azaroak 21] Bizkaiko Gurutze Gorriak martxan jarri duen
Bere Eskubideak Jokoan kanpainagaz. Kanpainaren xedea haurrak Gabonetan oparirik gabe ez geratzea da eta horretarako hainbat ekintza jarri ditu martxan Bizkaiko gorengo mailako kirol taldeekin; tartean da Gernika KESB. 6000 jolas lortu nahi dituzte haur bizkaitarrentzako. Talde gernikarreko neskek
umeentzako jolasak batuko dituzte abenduaren 21 eta 22an Gernikako Eroski dendan eta opariak eramaten dizkienei sarrerak trukatuko dizkiete urtarrilaren 4an Sant Adria taldearen aurka jokatuko duten partidurako.
Ahal izatekotan jolas horiek berriak, gerrarekin zerikusirik ez dutenak eta ez-sexistak izatea eskatu dute.
Opariak batzeko, aipatutako egunaz eta lekuaz gain, Gurutze Gorriak Busturialdean dauzkan
Gernika-Lumoko eta Bermeoko egoitzetan ere batuko dituztela esan dute, urtarrilaren 4ra arte.
Bizkaiko goi mailako kirol taldeetako ordezkariek atzo Bilbon egindako kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Bizkaiko Gurutze Gorria