Linguae vasconum primitiae laugarren diskoa dakar esku artean Bullets of Misery musika talde gernikarrak. Eta zapatuan
Metal Fabrika jaialdian egingo dute
bost abestiz osatutako azken lanaren aurkezpena.
Musika estiloari fidel jarraitzen diote oraingoan ere. Hala, musika “zuzena eta gogorra” da diskoan aurki daitekeena: Death metala. “Aurreko diskoan egin modura, estilo gogorra landu dugu. Entzuleak ez du melodiarik aurkituko; bai, baina, asko landutako kantu teknikoak”. Orain dela hamar urte talde modura hasi zirenean metal modernoa lantzen zuten, baina denboragaz “estilo propioa” lortu dutela diote: “Beti gustatu izan zaigu indartsuagoa eta biziagoa den estiloa; primarioagoa dena alegia”.
Aurreko lanean egin modura, bost abesti landu dituzte, “oso desberdinak” beraien artean.
Ilunak eta gogorrak direla diote taldekideek: “Death metalaren barruan beraien artean oso desberdinak diren bost kantu ilun sortu ditugu”.
Kultura paganoa ardatz. Atmosfera berean kokatuta, letrak ere “ilunak” direla diote Bullets of Miseryko taldekideek. Soinuarekin bakarrik ez, letrekin ere transmititu egin gura dute: “Kritika soziala egiten dugu”.
Argazkia: Amaiur Zugadi
Orain arte, eliza eta manipulazioa kritikatu dituzte. Oraingoan, baina,
euskal kultura paganoa da
Linguae vasconum primitiae lanaren
ardatza: “Euskal kultura paganoan zentratu gara; erlijio gabeko kultura horretan. Euskal Herrian eta inguruetan egon zen erlijio bako kulturekiko miresmena adierazten saiatzen gara”.
Izenburuak ere kritika horri egiten dio keinu, Bernart Etxeparek
idazle kristauak idatzitako lehen euskal liburuari hain zuzen. “Liburuak ere titulua latinez dauka, eta euskaraz dago idatzita. Gainera, idazle kristauarena da”.
Lan berri honen grabazioa eta ekoizpena denbora “luzean” egin dutela onartu dute, prozesu luzearen emaitza dela alegia: “Sortzerako orduan, armoni eta koherentzi musikalean zentratu gara. Grabatzerakoan, berriz, aspektu teknikoan. Eta zuzenekoak lantzerakoan, aldiz, mugimenduetan”. Hala prozesu bakoitza lantzea lasaitasunez hartu dute, “bakoitza ondo landuz”.
Urte eta erdi geldi egon eta gero, “arin” sortu dituzte bost kantuak eta horiek kalean eduki nahi izan dituzte: “Sortutako abesti berriak kalean eduki nahi genituen. Guk sortutako abestiak zuzenean kaleratzen ditugu”.
Diskoa
eskuratu nahi duenak taldearen bitartez lor dezakeela zehaztu dute Bullets of Miseryko kideek; sare sozialen bidez jarri daiteke beraiekin harremanetan. Euren kontura ekoiztutako lana denez, diskoaren zabalkundea euren eskuetan geratzea erabaki dute. “Hainbat diskoetxe begiratu genituen, baina, gurea guk ekoiztea erabaki genuen”, zehaztu dute.
Estreinaldia Astran. Etxean eta Metal Fabrika jaialdian estreinatuko dute lana, eta martxan jartzeko gogotsu daude: “Metal fabrikan azken lanaren lehen kontzertua ematea oso pozgarria da, berezia guretzat. Beti estreinatu ditugu lanak Gernika-Lumon; hala ere, aurtengoa berezia da”.
Kontzertuak emateko ilusioa dute taldekideek, eta kontzerturen bat edo beste zehaztuta daukatela aitortu dute. Hala ere, apurka-apurka joango dira egunak zehazten, “jendeak duen misterio eta gogoa mantentzeko”.