Australiar eta euskal herritarren arteko bazkaria egingo dute
Sortu berri duten Euskal Australiar Alkarteak bi kulturen arteko harremana sendotzea du helburu, bai eta ere Australiara joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa ezagutaraztea eta zabaltzea.«Euskaldunek Australian egin zuten lanari buruz info...
«Euskaldunek Australian egin zuten lanari buruz informatu behar gara, eta horri buruzko ikerketa lana bultzatu behar dugu», dio Teresa Gabiola elkarteko kideak. Elkartea euskaldun haien lana balorean jartzeko sortu dutela dio. Gabiolaren berbetan, asko izan ziren Busturialdetik eta Lea-Artibaitik Australiara joan zirenak eta urteak igarota herrira bueltatu zirenak. Beste asko, baina, kontinente berrian geratu ziren. Orain, emigratu zutenek bi herrialdeetan bizitakoak ezagutarazi nahi dituzte.
Australiara emigratu zutenen seme-alabek, ilobek edota senar-emazteek osatzen dute taldea, eta dagoenerako antolatu dute lehenengo ekintza izango dena; bazkaria egingo dute domekan, Gernika-Lumoko Zimela jatetxean. 250 pertsona inguruk eman dute izena, eta bizipenak kontatzeko prest egongo dira bertaratutakoak.
Euskal Australiar Alkarteak parte hartzeko deia egin die herritarrei. Australian egon zirenei, etorri zirenei eta bi kulturei buruz jakin nahi duten guztiei. Izena emateko, ondorengo telefono zenbakira deitu behar da: 688 86 01 97. Zimela jatetxean 14:30ean jarri dute hitzordua.
Ekintza gehiago antolatu gura dituzte aurrerantzean, euskal eta australiarren kulturak ezagutarazteko eta han eta hemen egon zirenen arteko hartu-emanak sendotzeko.