Hushe bailarako bizimoduari buruzko hitzaldia, Astran, bihar
Baltistan Fundazioak Astragaz eta Maier kooperatibagaz elkarlanean antolatuta, Baltistan fundazioko kideek Hushe bailaran egiten duten lanari buruzko hitzaldia emango dute bihar, Astran. Alberto Iñurrategi, Juanjo Sansebastian eta Jon Lazkano mendizal...
19:00etan jarri dute hitzordua, Astrako bigarren solairuan. Oihana Cabellok aurkeztuta, mendizaleek Baltistan Fundazioak Pakistango iparraldean, Hushe bailaran, hain zuzen ere, egiten duen lanari buruz ariko dira. Horrela, mendizaleen ikuspuntua ardatz hartuta, Pakistanen hainbat urtez izandako esperientziak azalduko dituzte.
Neskatoen eskolatzea
Eskualdeko herritarrek bizi duten egoera izango da hitzaldiaren gai nagusia, eta horiei laguntzeko Baltistan Fundazioak egindako ekarpenak jasoko dituzte. Gainera, bailarako neskatoak eskolatzeko daukaten proiektuaren berri emango dute hizlariek. Hitzaldiagaz batera, solasaldian jorratuko dutenagaz lotura zuzena duen Mikel Alonsoren Karakorum argazki erakusketa jarri dute Astran.
2014. urtean Pakistanera egindako bidaian ateratako argazkiak bildu ditu Alonsok, ikusleek hango bizimodua hobeto ulertu dezaten.
Egunero 17:00etatik aurrera bisitatu daiteke erakusketa. Abenduaren 20ra bitartean egongo da Astran.