Kultur aniztasunari begirada baikorra emateko eta etorkinen integrazioa errazteko asmoz, hamar argazkitan oinarritutako kanpaina abiarazi du Gernika-Lumoko Ideasur elkarteak.
Errealitatea islatzeko hainbat metodo erabil daitezke gaur egun. Egunkariek idatzita jasotzen dituzte albisteak, eta telebistak eta irratiak irudi eta audioen bitartez kontatzen dituzte gertaerak. Errealitate horiei irudia jartzeko, berriz, argazkiak erabiltzen ditugu.

Gertaerak
klik eginez gordetzen dituzte kamerek, momentuko errealitatea barruan gordez.?Hala, unean unekoa islatzen dute. Errealitatearen isla hori lortzeko asmoagaz, hamar argazkigaz etorkinek sufritzen dituzten gertaerak salatu nahi izan ditu Gernika-Lumoko Ideasur elkarteak.
Etorkinen giza eskubideen alde borrokatzen dute elkarteko kideek, eta hainbat dira urtean zehar antolatzen dituzten ekintzak. Martxan dagoen kanpainagaz, errealitatea erakusteaz gain,
kultur aniztasun baikorraren eta integrazio sozialaren alde egin gura dute; jendeak etorkinei buruz dituen aurreiritziak alde batera utziz. “Eguneroko bizikidetasun positiboaren alde egin nahi dugu, baita dibertsitateari eta inklusioari buruzko begirada baikorra bultzatu ere”, azaldu du Ideasur elkarteko Nayra Babak.
Bazterkeriaren kontra. Aniztasunaren aldeko eta bazterkeriaren kontrako hamar argazki gordetzen dituzte esku artean; astean argazki bakarra erakusteko asmoa dute. Hala, urtarrilera bitartean, astero-astero argazkien bidezko salaketa bakarra egingo dute. Izan ere, norberak bere buruari argazkiek salatzen dutenari buruz “galderak egitea” lortu gura dute.
Euskal Herrian etorkinek bizi dituzten egoerak salatzen dituzten argazki batzuek, beste batzuek, berriz, etorkinek herrialde desberdinetan bizi duten egoeren adierazleak dira. Aste honetako argazkiak esaterako, lagun talde bat edukitzeko etorkinek dituzten zailtasunak islatzen ditu.
Kultura berriak ezagutarazteko aukera izatea eskatzen dute
Babak azaldu modura, hainbat dira kartelen bitartez salatzen dituzten
eguneroko aspektu garrantzitsuak: “Besteren artean, etorkinen identitatea, emigrazioa, estereotipoak, errefuxiatuak, kultur aniztasuna, genero berdintasuna, ingurumena eta komunikazioa jorratzen dituzte. Eguneroko kontuak dira, eta horiek errespetatzea beharrezkoa dela uste dugu elkarteko kideek”.
Hala,
bizikidetza baikorra bultzatzeko beharrezkoak diren gai horiek lantzeko asmoz, Gernika-Lumoko eta inguruetako ikastetxeetan ere banatu dituzte kartelak. “Hezkuntzan derrigorrez landu behar diren kontuak jasotzen dituzte argazkiek, eta gazteek horiei buruz hausnartzea bultzatu gura dugu”, dio Gernika-Lumon aspalditik bizi den Miriam Mendozak. Kartelak ez eze, argazkiei buruz hausnartzeko koadernotxoa ere banatu dute ikastetxeetan.

Halaber, herriko norbanako zein taldeengan ere eragin gura dute Ideasur Elkartekoek. Hala, Gernika-Lumoko
puntu esanguratsuetan martitzenero argazki berriak jartzen ari dira; besteren artean, kultur etxean, liburutegian, euskaltegian eta Santanape kiroldegian.
Badakite herritar askorengana iristea eta horiengan eragitea ez dela kontu erraza, baina “gehiengoan eragin” gura dute: “Besteen bizitzaz inork ez du hausnartzen egunerokoan, baina argazkiak ikusita, eta kartelek lagun dituzten galderak irakurrita jendeak hausnartzea bilatu gura dugu”.
Lan «gogorra eta luzea». Etorkinen integrazioa erraztu gura du elkarteak, “herritarrak sentsibilizatuz”. Lan “gogorra eta luzea” den arren, gizartean sendotuta dauden aurreiritziak ezerezean geratzea lortu gura dute.
Gaur egungo gizartean “beharrezkoa” den lana egiten ari direla uste dute Ideasurreko kideek. Gernika-Lumon eta munduko beste edozein tokitan integrazioaren alde egitea “oraindik” ere behar dela deritzote.
“Integrazioaren aldeko gero eta ekintza gehiago egin behar dira. Guztiak dira ondo etorriak. Emigratu dugunok ere horretan lan eginez gero, helburuak lortuko ditugu. Gizarte hobeagoaren alde egingo dugu”, arrazoitu du Erguia Babak.
Etorkinek bizi egoerak islatzen dituzte kanpainako hamar argazkiek
Elkarteak
hamazazpi urte daramatza udalerrian dauden etorkinen integrazioa erraztearen alde lan egiten. Lagun asko eta herritartasun desberdineko kideak batzen ditu, eta horietako batzuek
bazterkeriak sufritu dituzte.
Nayla Baba sahararrak urte asko daramatza Gernika-Lumon eta momentu “zailak” bizi izan dituela aitortu du: “Denetariko jendea dago, leku guztietan bezala.?Batzuek irribarre batekin egiten didate keinu, ezagutzen nautelako. Beste batzuek, berriz, zapia jarrita daramadalako keinu motzak egiten dizkidate, baztertuta sentiaraziz”.
Babak ez duela bere kultura inposatu nahi dio, berea dena berarekin eraman nahi duela baino. Kultur aniztasunaren alde egiten du, eta euskal kulturaz asko ikasten ari dela dio.
Ergia Babak esan du, kanpotik etorritako guztiek momenturen batean horrelako jarrerak “sufritu” dituztela, eta horien aurka lan egin behar dela: “Bidean aurkitzen ditugun oztopo horien aurka egin behar dugu, pausoz pauso”.

Badakite pertsonen i
kuspuntuak aldatzea oso jarduera gogorra eta zaila dela, baina borrokatzeko gogoz daude. Gainera, udalerriko herritarrengan badagoela lan egiteko prestutasuna zehaztu dute, eta hori hainbat ekintzetan argi geratu dela esan diote; joan den hilabetean errefuxiatuei egin zitzaien harrera ekitaldian esaterako. “Horrek aurrera egiten laguntzen du”.
Bizitakoaren islada dira argazkiak eta aurreiritzien aurrean beraien kultura ezagutarazteko aukerak eskatzen dituzte: “Gurea dena besteengana zabaltzeko
aukerak nahi ditugu”.