68 putxera aurkeztu dituzte Nazioarteko Putxera Lehiaketara
Pataterrixe kultur elkarteak antolatuta, hirugarrenez Nazioarteko Putxera Lehiaketa egin dute Morgan. Aurten aurreko lehiaketetan baino jende gehiagok parte hartu du. Hain zuzen ere, 68 putxera aurkeztu zituzten zapatuan.Morgako Nazioarteko III. Putxer...
Morgako Nazioarteko III. Putxera Lehiaketa Elkarteko kideek azaldu dutenez, partaide asko herrikoak izan baziren ere, Gernika-Lumotik, Balmasedatik edota Getxotik etorritakorik ere egon zen.
Jose Antonio Bastegieta Marko eta Valentin Galin aritu ziren lapikokoak dastatzen, eta Iker Galin putxeren aurkezpena baloratzen ibili zen. Egon den maila ona nabarmendu dute epamahaiko kideek, eta parte hartzeagaz «oso pozik» agertu dira.
Bukatzean, partaideak frontoian batu ziren bazkaltzeko. Sabelak bapo beteta, sariak banatu zituzten, eta partaide guztiek eroan zuten zer edo zer etxera.
Petra Flores sopelarra izan zen irabazlea, eta txapela, putxera, txakoli sorta eta 175 euro jaso zituen. Izaskun Isi loiuarrak bigarren postua lortuta putxera, txakolin sorta eta 130 euro eraman zituen, eta Joseba Bikandi ajangiztarrak txakolin sorta, 2 kilo indaba eta 90 euro jaso zituen hirugarren postuagaz. Morgakoen artean, Txok egin zuen putxerarik gozoena, eta hark txapela eta 50 euro irabazi zituen.