Koldo Izagirre (Pasaia, 1953) euskal idazlea dagoeneko ezaguna dute Ean. Pasaiarra hainbatetan izan da Eskolondoko aretoan hitzaldiak eta solasaldiak eskaintzen. Barikuan, berriz ere izan zen Ean, oraingoan gaur egun Euskarak bizi duen egoerari buruzko hausnarketa eskaintzeko bertara hurreratu zirenei.
Euskara exilioan da izenagaz, euskararen eta euskaldunen arazoei buruz aritu zen idazlea.
Zergatik diozu euskara exilioan dagoela?
Lurra hemen dugu baina euskara exilioan da. Euskal arazoa izan daiteke euskara exilioan egotearen arrazoia eta funtsa. Zenbat aldiz ez ote dugu irakurri edo entzun euskal arazoari buruz? Zaila da euskaldunek euskal herria arazotzat edukitzea, utopia eraginkor gisa bizi baitute euskal herria euskaldunek. Baina utopia horren izendatzea inorentzat arazo bat izan daiteke, alegia, euskalduna ez den multzoko batentzat edo batzuentzat. Ikuspuntu kontua da.
Inperio kolonialek urrunetako lekuetan zeuzkaten arazoak bertako arazoak ziren. Hangoak, urrunekoak. Ez ziren leku haiekin indarragaz jabetzeagatik sortutakoak. Horrelaxe funtzionatu izan du mendeetan zehar inperialismoaren logika etikoak.
Ikuspuntu hori aldatzea posiblea da?
Ikuspuntua zaila izaten da aldatzea, aldaketa horrek historiaren narrazioa aldatu beharra suposatzen digulako. Politikari katalan batek katalanen arazoa Espainia dela esan zuen, utopia eskuragarri gisa bizi baitute Katalunia katalanek. Espainiar askok hala uste izango ez duten arren, Espainia izan bailiteke arazo askorentzat, katalanentzat, esaterako.
Historia nola kontatzen den, nondik, norentzat, eta batez ere, zertarako. El problema catalan gaztelaniaz aipatzeak zikinkeria nardagarri bat suposatuko du espainiarren hizkera inperialean, beraien ama hizkuntzan.
“Euskara ez da bizi gu bizi garelako, bizitza autonomo bat dauka, gugandik kanpo”
Berbera gertatzen al da euskaldunekin?
Ustea daukat gerra aurreko egunkarietan El caso vasco aipatzen zela. Oraindik ez gintuzken sartzen arazoen multzoan. Baina gaztelaniazko prentsan ez ezik, gaztelaniaz diharduten euskal herriko historialarien hizkeran ere ongi errotua da aspaldiko El problema vasco.
Gure historiaren garai ezberdinetako aldi eta arazo zehatzak izendatzeko terminoa dute hori. Arazo hitzaren bidelagun zintzoa izan da vasco hitza, binomio natural bat osatu dute biek. Euskal hitzak zein esparrutatik mugitzen da hizkera arruntean, politikoan, administratiboan, autonomikoan… Lanak eskatzen dizkigu euskaldunoi euskal horrek, testuinguru askotan ez baitu behar lukeen euskaltasuna adierazten. EAEk gobernu bat dauka, noski, Eusko Jaurlaritza. Hau da, ‘euskal’ omen garenon gobernua ez da euskal, eusko da.
Nola gertatu da hori?
Ohituak gaude gaztelaniaz Pais Vasco aipatzen denean beste zerbait ulertzera, euskal eta eusko bereizteak nortasun hipergaratu bat eman digunez. Nafarrako Unibertsitate Publikoak ez dauka beste izenik, NUP da. Baina EAEko unibertsitatea EHU da, Euskal Herriko Unibertsitatea. Kiroletan Euskal selekzioek Euskadi izena daukate eta horrelaxe ezagutzen dituzte gaztelaniaz ere.
Laprastada semantiko bat aritu da euskal epitetoaren gainean eta horren egilea kasta politiko-administratiboa izan da, hedabide gehienen konplizitatearekin eta abertzaleen kasta politikoagaz. Zatia osotzat hartu dugu, osoa utopikoegia zaigulako.
Esan genezake, bortxarik gabe pasatu zela gaztelaniazko vasco hori euskal izatera, El problema vasco arazorik gabe hartu zuela bere korpusean euskarak, Euskal arazoa. Euskal Herriko politikoak, Euskal Herri historikoa eta kulturala ukatzen duen era berean tapatzen du euskal arazoak euskaldunon arazoa.
“Arazo hitzaren bidelagun zintzoa izan da vasco hitza, binomio natural bat osatu dute biek”
Zein izango litzateke euskaldunon arazo hori?
Geografia bati euskal izendapen bati eman zioten haien ondorengoak gara. Euskara euskaldunon herentzia genetikoa da, egun, eskolari eta ikasteko metodo aurreratuei esker, gurasorik eta arbasorik behar izan gabe geureganatzen duguna.
Euskaldunok ez gara gure hizkera politikoaren jabe. Euskaldunak ez gara gure hizkuntzaren gabe ez bada kantuan, bertsolaritzan eta literaturan. Adierazpen artistikoetan islatzen eta identifikatzen gara garai hauetan, ez politika terminologian ezta abertzalenean ere. Euskaldunok ez daukagu multzo gisa ordezkatzen gaituen hitzik hizkera politikoan, euskal epitetoa arazoa bat delako euskaldunontzat, gure burua defenditzeko arazoak sortzen dizkigulako euskaran bertan.

Historikoki, klase sozial apalen mintzaira izan da gurea. Baimena eskatu beharra genuen gure hildakoen harri gainean azaltzeko ere. Hori ez da frankismo garaikoa, XIX. Mendean gertatzen zen, Donostian behintzat. Halako batez, baimen orokor bat eman ziguten: euskaraz esatea, idaztea, kantatzea, ikastea, libre genuela esan zuten.
Libre ginela esan zigun gaztelaniak, baina gaztelania ez zen erretiratu hartuta zizkigun eremuetatik. Euskara eskubidea da. Gaztelania, obligazioa. Eskolaren lana, adibidez, ez da euskaldunak sortzea, ezta euskaldun eleanitzak sortzea ere, euskal elebidunak sortzea baizik.
Euskararen aurkako irain, bazterketa eta erasoak euskararen aurka egindakoak modura hartzen ditugu. Logikoa dirudi. Gure hizkuntzaren aurkako erasotzat hartzen ditugu. Euskara, gure hizkuntza baita. Horregatik, haren aurkako ezer jakiten duguneko asaldatu egiten gara. Euskara ez da bizi gu bizi garelako, bizitza autonomo bat dauka, gugandik kanpo.