Udal kudeaketari buruzko informazioa liburu batean batu du EH Bilduk
Gernika-Lumoko Udalean gertatzen diren «irregulartasunak» jasotzen ditu liburuak. Bildutako datuak agiri ofizialetan oinarrituta daude. Bost ataletan banatu dute informazioaGernika-Lumoko Udalaren Liburu Beltza. 2015-2018 Udal kudeaketa despotikoaren...
Gernika-Lumoko Udalean gertatzen diren «irregulartasunak» jasotzen ditu liburuak. Bildutako datuak agiri ofizialetan oinarrituta daude. Bost ataletan banatu dute informazioa
Gernika-Lumoko Udalaren Liburu Beltza. 2015-2018 Udal kudeaketa despotikoaren kronika deitutako liburua aurkeztu zuen eguazten iluntzean Gernika-Lumoko EH Bilduk Elai-Alai aretoan. Liburuak Gernika-Lumoko udal kudeaketan gertatzen diren jarrera «ez demokratikoak» batzen dituela azaldu zuten koalizioko ordezkariek.Agiri eta datu ofizialetan oinarrituta dagoen liburua dela jakinarazi zuten, gainera: «Egiazkoa dena berresten duen lana da hau. Ez daukagu bestelako intentziorik. Besteren artean, udalak kontratazioan egindako lege urraketak eta gardentasun falta landu ditugu, bai eta udalean dagoen kutunkeria ere. Guk Gorroñismoa deitzen diogunaren adibideak gordetzen ditu».
Liburuan aurreko agintaldian gertatzen ziren gauza batzuk ere ageri direla azaldu zuten, «batez ere kontratazio kontuei dagozkienak». Hala ere, legez kanpoko jarrera horietaz jabetuta, EH Bilduren lehenengo asmoa beti arazoak konpontzea izan dela esan zuten. Eta horiek konpontzen ez zirela ikusita, helegiteak jartzea. Hala, liburua kaleratzea izan da azken pausoa, «irregulartasunekiko jarrera» ez zela aldatzen ikusita hartutakoa.
Liburuko adibideek ez daukatela gobernuaren koloreagaz zer ikusirik azaldu zuten eguaztenean: «Liburu hau argitaratzeko arrazoiak alderdi politikoetatik haratago doaz. Koloreei buruz aritu beharrean iluntasunaz gabiltzalako; arrazoiak eta kezkak biltzen ditu». Hala, Gernika-Lumok eta gernikarrek ez dutela horrelakorik merezi adierazi zuten koalizioko kideek, eta kolore anitzeko gobernantza ereduaren alde egin behar dela esan zuten, «herritarren iritzi guztiak jasotzeko zabalik dagoen udalaren alde, alegia».
Boterean denbora luzea
Botereak agintariengan izan dezakeen eragina Gernika-Lumoko Udalaren Liburu Beltzan agerian geratzen dela diote EH Bilduko kideek. «Pertsona bakarra hainbat urtez boterean dagoenean horrelakoak gertatzen dira. Eta Gorroñoren kasuan, antza, 12 urte ez dira nahikoa».
Boterean denbora asko egoteak dakartzan emaitzak jasotzen ditu liburuak. EH Bilduko ordezkarien berbetan, «zoritxarrez» Gernika-Lumoko Udalean «demokraziaren kontrako ohitura asko» daude: «Aspaldi ikusi eta jasan ditugu, alkateak guztiona den udala berea dela pentsatzen duelako».
Horregatik, aitortu zuten demokratizazioaren aldeko aldaketak bultzatu behar direlako sortu dutela liburua, «aldatzeko beharra dagoelako». Herritarrek zelan ez den gobernatu behar ikusteko kaleratu dutela arrazoitu zuten.
Edukiak
Bost ataletan banatu dute liburua. «Zer eta zelan landu pentsatzen ibili ginen, eta bost ataletan banatu dugu: udal funtzionamenduari buruzko atala, lege urraketei eta lege saihesteei buruzkoa, gobernu ereduari erreparatzen diona, eta bukatzeko, herritarrekin hartu-emanak eta diru xahuketak lantzen dituztenak», azaldu zuten eguazten iluntzean.
Guztira 25 gai landu dituzte, bakoitza orrialde bateko fitxa bakarrean bilduta.