Pilotaren historiako elementu eta momentu esanguratsuak biltzen ditu Jose Maria Urrutia ondarrutarrak Kultur Etxean jarri duen erakusketak. Azaroaren 28ra bitartean ikus daiteke.
Pilota du hizpide Gernika-Lumoko Kultur Etxean Jose Mari Urrutia pilotari ohi ondarrutarrak bildu duen erakusketak. Pilota zainetan darama Urrutiak, eta euskal kirolari buruzko artxibo zabala eta landua dauka gordeta.

Haren esanetan, Euskal Herriko «parte handia» biltzen du pilotak, «euskal kulturari eta kiroli buruzko hainbat datu ematen dituen kirola delako». Kultura eta gizarteari buruzko informazio guzti hori lantzeko asmoagaz, 40 urtean pilota, pala, zesta eta erremonteari buruzko hainbat datu, irudi eta objektu jaso ditu. Eta horietako batzuk biltzen ditu, hain zuzen ere, azaroaren 28ra bitartean Kultur Etxean ikus daitekeen erakusketak.
«Gure kirola zaintzea derrigorrezkoa izan beharko litzateke». Hori uste du pilotari ohiak, eta ez dela horrelakorik egiten azaldu du: «Denetariko objektuak eta datuak biltzen dituzten hainbat museo ikus daitezke gure inguruan, baina ez dago pilotaren historia lantzen duenik, eta hori lotsagarria da».
Pilotak aberastasun asko daukala arrazoituta, euskal pilotak bere «lekua» eduki behar duela uste du. «Gure kultura da, eta landu egin behar dugu», dio pilotari ondarrutarrak.
Bere ametsa pilotaren historia ezagutarazteko museo bat edukitzea izango litzatekeela aitortu du, gainera. Badaki hori lortzea ez dela lan erraza, eta horregatik egiten dituela erakusketak aitortu du. Haien bidez, kirolari buruzko datuak eta istorioak ezagutarazi gura dizkie herritarrei.
Berea izan zen emakume pilotariei buruzko lehen erakusketa monografikoa, eta bertan landu zituen zenbait argazki, kartel eta datuak ikusgai daude berriz ere, Gernika-Lumoko erakusketan.
Pilotari buruz idatzi den lehenengo liburua ikus daiteke erakusketan
Txikitatik aritu da pilotan ondarrutarra, eta horrek hartzen du bere denboraren zati handi bat gaur egun ere. Egunero-egunero ikusten ditu hainbat egunkari, eta pilotari buruzko datu berriak bilatzen ditu, «etorkizunean iraganean zer gertatu zen jakiteko». Hala, artxiboa «poliki-poliki» handituz doa.
Historiako altxorrak. Denetariko objektuak biltzen dituen erakusketa ikus daiteke Kultur Etxean. 1854. urteko kartela da objekturik zaharrena. Berriena, berriz, urrian Bartzelonan jokatutako Munduko Pilota Txapelketarena. Horien artean, urte ezberdinetan han eta hemen jokatu diren partiden kartelak ikus daitezke. 1912. urtean jokatutako emakumezkoen lehen pilota partidarena, adibidez.

Argazkiei erreparatuz, lehengo eta gaurko pilotari ezagunenak ikus daitezke, emakumezkoenak eta gizonezkoenak. Izan ere, haien bitartez «hainbat datu» jaso daitezkeela dio Urrutiak; dela arropa, pilota edota frontoiei buruzkoa.
Hango eta hemengo frontoien irudiak ere jasotzen ditu erakusketak. Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian jokatutako lehen eskupilotako partiduarena, esaterako. Norgehiagoka bukatu ostean, zesta-puntako partida jokatu zutela dio Urrutiak. Jai Alai frontoiaren argazkiaren aurrean kokatuta dago egun horretan jokatu ziren pilota partiden kartela.
Pilotari buruz idatzitako libururik zaharrena ere ikusi daiteke erakusketan. Italieraz idatzitako Il gioco della pala argitalpena da hori.
Pilotan jokatzeko beharrezkoa da pilota. Eta horietako batzuk ere biltzen ditu erakusketak. Antzinatik gaur egunera arte erabili diren hainbat pilota ikus daitezke. Gainera, ez dira bakarrik Euskal Herrian erabilitakoak erakusten, beste herrialde batzuetakoak ere ageri dira.
Objektuen artxibo ikaragarria edukitzeaz gain, Urrutiak baditu baita ere, egunkarietan agertutako argitalpenak. Horiek guztiak erakusketara hurbiltzen den edonork irakur ditzake. Hala, Interneten ere aurki ezin daitezkeen pilotako datuez eta objektuez gozatzeko aukera daukate herritarrek azaroaren 28ra arte. «Beharrezkoa da Interneteko munduaz kanpo dauden objektuak biltzea, pantailatik kanpo dauden horiek baitira benetakoak diren altxorrak».