Gernika-Lumoko Udalaren Liburu Beltza. 2015-2018 Udal kudeaketa despotikoaren kronika deitutako
liburua aurkeztu zuen atzo iluntzean Gernika-Lumoko EH Bilduk Elai-Alai aretoan. Liburuak Gernika-Lumoko udal kudeaketan ematen diren jarrera “ez demokratikoak” batzen dituela azaldu zuten koalizioko ordezkariek.
Agiri eta datu ofizialetan oinarrituta dagoen liburua dela jakinarazi zuten gainera: “Ez daukagu inolako intentziorik, egiazkoa dena berresten duen lana da hau. Besteren artean, udalak kontratazioan egindako lege urraketak jaso ditugu, eta gardentasun falta ere landu dugu. Bai eta udalean dagoen kutunkeria ere. Guk
Gorroñismoa deitzen diogun horren adibideak gordetzen ditu”.
Liburuaren aurkezpenean EH Bilduko ordezkariak.
Aurreko legegintzaldian gertatzen ziren gauza batzuk ere ageri direla liburuan azaldu zuten, “batez ere kontratazio kontuei dagozkienak”. Hala ere, legez kanpoko jarrera horietaz jabetuta EH Bilduren lehenengo asmoa beti arazoak konpontzea izan dela esan zuten. Eta horiek konpontzen ez zirela ikusita, helegiteak jartzea. Hala, liburua kaleratzea izan da azken pausoa, “irregulartasunekiko jarrera” ez zela aldatzen ikusita hartutakoa.
Adibideek ez daukatela gobernuaren koloreagaz zer ikusirik azaldu zuten atzo: “Liburu hau argitaratzearen arrazoiak alderdi politikoetatik haratago doaz. Kolorei buruz aritu beharrean iluntasunaz gabiltzalako; arrazoiak eta kezkak biltzen ditu”. Hala, Gernika-Lumok eta gernikarrek ez dutela horrelakorik merezi adierazi zuten koalizioko kideek, eta kolore anitzeko gobernantza ereduaren alde egin behar dela esan zuten, “herritarren iritzi guztiak jasotzeko zabalik dagoen udalaren alde, alegia”.
Boterean denbora luzea. Gernika-Lumoko Udalaren Liburu Beltzan agerian geratzen dela botereak agintariengan izan dezakeen eragina diote EH Bilduko ordezkariek. “Pertsona bakarra hainbat urtez boterean dagoenean horrelakoak gertatzen dira. Eta Gorroñoren kasuan 12 urte ez dira nahikoa”.
Boterean denbora asko egoteak dakartzan emaitzak jasotzen ditu liburuak. EH Bilduko ordezkarien berbetan, “zoritzarrez” Gernika-Lumoko Udalean “demokraziaren kontrako ohiturak” ematen dira. “Aspaldi ikusi eta jasan ditugu. Alkateak guztiona den udala berea dela pentsatzen duelako gertatzen dira horrelakoak”.
Horregatik, liburua demokratizazioaren aldeko aldaketak bultzatu behar direlako sortu dutela aitortu zuten, “aldatzeko beharra dagoelako eta erreleboa behar delako”. Herritarrek zelan ez den gobernatu behar ikusteko kaleratu dutela arrazoitu zuten.
Edukiak. Bost ataletan banatu dute liburua. “Zer eta zelan landu pentsatzen ibili ginen eta bost ataletan banatu dugu: udal funtzionamenduari buruzko atala lehenengo, lege urraketei eta lege saihesteei buruzkoa gero, gobernu ereduari erreparatzen diona hirugarren, eta bukatzeko, herritarrekin hartu emanak eta diru xahuketak lantzen dituztenak”, azaldu zuten atzo iluntzean.
Guztira 25 gai lantzen dituzte bakoitza orrialde bateko fitxa bakarrean bilduta.