Aste honetan hasiko dituzte lanak, eta
sei asteko iraupena edukiko dutela aurreikusi du udalak.
Lan horien berri Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotziak eta Aritz Abaroa EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak eman dute. Izan ere, lan horiek Udal Gobernuaren eta EAJ udal taldeak Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren tipoa onartzerakoan
adostutako akordioaren emaitza dira.
Aritz Abaroa eta Irune Ormaetxea. Argazkia: Bermeoko Udala.
Udaletik azaldu dutenez, obrekin gaur egun dagoen aparkalekuaren
egoera hobetzea bilatuko dute, batez ere
segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko helburua izanik. Hori lortzeko, gaur egun kalea zeharkatzen duen
espaloia luzatuko dute. Horrez gain, guneko
argiteria hobetuko dutela nabarmendu dute, eta horretarako kale-argi berria jartzea aurreikusten dutela adierazi dute.
Talako lanak. Udal Gobernuak eta EAJk onartutako akordioaren barne, Txirritxa kaleko lanekin batera
Talan irisgarritasuna bermatzeko lan gehiago egin dituztela azaldu dute: urtarrilean, Talako Andra Mari kalean espaloi berri bat eraikitzeko lanak hasi zituzten, Tonpoirako bidean hain zuzen ere, Talako beheko kalera doan bideko irisgarritasuna hobetu ahal izateko.
Zehaztu dutenez,
espaloiak bi metroko zabalera dauka eta hormaren kontra ezarri dute. Espaloia jarri ondoren, toki horretan irisgarritasuna bermatzeko beste ekintza osagarri batzuk egin dituzte: besteak beste, Talako Andra Mari kaleko behe aldean dauden eskailera zaharren ordez, eskailera berriak eraiki dituzte.
Ildo berean,
baranda berria jarri eta zebrabide irisgarria egin dute, espaloi berritik beste aldeko espaloira pasatzen dena. Irisgarritasuna hobetzeagaz batera, jaitsiera horretan argiteria hobetu dute. Horrez gain, euri urak batzeko sistema egindako lanetara egokitu dute, eta Talako Andra Mari kaleko behe aldean errepidea zabaldu dute biraketa gunea egoera berriari egokitzeko asmoagaz.
Bizi kalitatea hobetuz. Ormaetxeak obren
aurrekontuari buruzko datuak eman ditu. Zehaztu duenez,
lan guztiek 106.389 euroko kostua izan dute. “Lan horiek herritarren eta bereziki Talako bizilagunen bizi kalitatea hobetzen lagunduko dute, izan ere, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dituzte eta hori gure lehentasuna da”, adierazi du zinegotziak.
Abaroaren berbetan, “argi geratu da lortutako
akordioak oso positiboak direla herriarentzat eta bermeotarrontzat. Akordio honekin hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu Zarragoitxi, Itsasbegi eta Iparragirre auzoetarako mahaigainean ipini ditugun konpromisoak gauzatzeko eta herritarrei emandako berba betetzeko”.