Mundakako Udalak jakitera eman duenez, guneak hainbat oztopo ditu
mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat.
Lanekin, kalean eta errepidean aurkitzen diren
oztopo horiek ezabatu nahi dituzte. Patxi Fernandez Mundakako Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “gune batzuetan pertsona nagusiek edo mugikortasun arazoak dituztenek arazo asko izaten dituzte espaloitik errepidera igarotzeko”.
Modu horretara, errepidea eta oinezkoen bidea
altuera berberan jarriko dituzte, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek kalea zeharkatzeko izan ahal dituzten arazoak ekiditeko eta irisgarritasuna hobetzeko.
Zinegotziak zehaztu duenez, oinezkoentzako bidea
zoruflex izeneko material berezi eta berritzaile batekin estaliko dute. Estaldura horrekin, oinezkoek estropezu egin eta erortzea saihestea lortuko dute,
zoru malgu eta moldagarria izateagaz batera. Horrez gain, epe luzerako
iraunkortasuna luzatzea ere lortuko dute material horrekin. Denbora pasa ahala, “lurzorua ez da arrakalatuko”, eta horrela
mantentze lan gutxiago edukiko du.
Lurzoru berriagaz batera, euriteek sortutako
ur jarioa kontrolatzeko neurriak ere hartuko dituztela azaldu dute.
Bi fase. Obrak
urte bukaerarako hastea aurreikusten dute. Larrinaga kalea
trafikora itxita egon beharko dela aurreratu dute udaletik. Hala ere, lanak bi fasetan gauzatzeko asmoa dutela azaldu dute, era horretara bizilagunek kaletik igarotzen jarraitzeko arazorik izan dezaten.
Horrela, hasieran errepideko aldeetako batean lan egingo dute eta ondoren bestean, auzokoak aparkaleku edota dendetara joan daitezen.
Udaleko arduradunek
141.000 euroko inbertsioa egingo dutela aurreratu dute. Obrak
hiru hilabeteko epean bukatuta egotea aurreikusten dute, eta horrela datorren urteko udaberri hasierarako dena prest egongo litzateke.