Muxika, Ibarruri eta Gorozikako txokoetatik bertso triki poteoa egin dute beste urte batez
Laugarren urtez, bertso triki poteoa egingo dute Muxika, Ibarruri eta Gorozikako txokoetatik zapatuan. Parte hartu nahi dutenentzako 17:00etan jarri dute hitzordua Kurtzeron.
Handik, autobusean aterako dira herriko gainontzeko txokoetara. Aurten, iazko moduan, udalerriko bost txokok parte hartuko dute pintxo lehiaketan.
Eleizaldeko txokoa izango dute lehen geralekua, eta handik Maumera, Ariatzara, Ibarrurira eta Gorozikara joango dira. Leku bakoitzeko txoko bakoitzak pintxo bat aurkeztuko du lehiaketara; nork bere gustukoa. Bakoitzean pitxoa jateaz eta potea hartzeaz gain, giro onaz gozatzeko aukera ere badaukate parte hartzaileek. Izan ere, orain lau urte bultzatutako ekimenak herritarrak elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea du helburu.
Iaz, Ariatzako Atxelipek jantzi zuen txapela, baina pintxo lehiketak ez du lehia bilatzen, lagun arteko giroa sustatzea baino.
Giroa are gehiago hobetzeko asmoagaz, bertso triki poteora animatzen diren herritarrek Onintza Enbeita eta Asier Galarza bertsolari muxikarren eta Ibai Amillategi gernikarraren konpainia ere izango dute egun horretan. Bertsolariekin batera, einGO taldeko kideek eta beraien doinuek alaituko dute zapatu iluntzea.
Izen ematea. Zapatuko bertso triki poteoagaz gozatu nahi duenak, baina, izena eman beharko du Zubieta Errotan, eta 2 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeagatik. Eguena da horretarako azken eguna.