Belgikako Flanders Fields Museoak
Lehen Mundu Gerraren biktimak gogorarazteko An empty chair to symbolize the immense loss from your Country proiektu artistikoa burutu zuen asteburuan, eta proiektu horretan parte hartu zuen Gernika Gogoratuz elkarteak. Hala, Belgikan hildako zazpi euskal biktimak gogorarazi zituen Gernika-Lumon.
Argazkia: Gernika Gogoratuz
Azaroaren 9tik 11ra bitartean, Lehen Mundu Gerraren amaieraren 100. urteurrena gogoratu zuten Belgikan, eta Gernika-Lumora ere iritsi zen omenaldia. Oroimen proiektu horren barruan, Val Carmen artistiak “Hutsik dauden aulkiak” ekimena sortu zuen 2014. urtean, gerrak familien
etxeetan eragindako galera irudikatzeko asmoz.
Ekimen hori berreskuratu zuten asteburuan, eta Val Carmenek egindako erakusketa hori osatzen zuten aulki batzuk Begikan hildako biktimak gogorarazteko hainbat herrialdeetara bidali zituzten; Gernika-Lumora kasu. Hala, asteburuan, Ieper-etik (Belgika) bidalitako eta galera irudikatzen duen
aulki bat egon da udalerrian. Gernika Gogoratuz elkarteak
Picassoren Gernika muralaren aurrean kokatu zuen lehenengo, eta gero, berriz, Europako Herrialdeen Parkean dagoen Henry Mooren eskulturaren aurrean.
Aulkien esanahia. Lehen Mundu Gerrak Belgikan eragindako 120 herrialdeetako biktimen artean
zazpi euskaldun zeudela gogorarazi du Gernika Gogoratuzek. Val Carmenen erakusketako aulki horiek, etxeetan sortutako galera erakusteaz gain, gerra eta damua ere islatzen dute.
Orain dela 100 urte, Lehen Mundu Gerra bizi zuten pertsonen bidaia erakutsi gura dute aulkiek, pertsona bakoitzaren bizipenak islatu asmoz. Gernika-Lumon egon da aulki bat asteburuan, eta
Ieperrera bueltatuko da berriro. Izan ere, bertan hildako soldaduak bertan jarraitzen duten moduan, aulkiak ere Belgikako hirian geratuko dira.