Uniao Sportiva
54 – 65 Lointek Gernika Bizkaia.
Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen atzo talde gernikarrak Portugalen, Taldekako Faseko 3. jardunaldian. Eurocup Women Txapelketan hurrengo fasera sailkatuko diren oraindik ez dakiten arren, hori lortzeko bidean pauso handia eman dute.
Garaipena lortzeko
“lan gogorra” egin zuten jokalariek. Hasieratik bukaerara arte talde gernikarrak kontrolatu zuen norgehiagoka, eta
Margaret Roundtres bikain aritu zen 40 minutuetan; guztira 23 puntu eskuratu zituen.
Talde portugaldarrari zazpi puntuko aldea atera zion Lointekek lehen laurdenean, baina, ezin izan zuten alde hori handitu azken momentura arte. Hori horrela, tentsioz betetako partidua izan zen atzo jokatutakoa.
Taldea momentu on batean dagoela eta egiten ari diren lanagaz “oso harro” sentitzen direla adierazi du Naiara Diez kapitainak: “Denbora guztian partidua kontrolpean izan dugu. Bagenekin partidu gogorra izango zela, eta fisikoki haiek oso indartsuak eta azkarrak direla. Eta ondorioz, betiko moduan, gure defensta lana ona izan behar zela, erasoan hobeto aritzeko. EuroCup-ean jokatzea, eta gainera, kanpoan jokatzea oso zaila da. Gure lehenengo partea oso ona izan da, eta azkenean guk nahi genuen garaipena lortu dugu”.
Denboraldi hasieratik gelditu barik ari badira ere, garaipenek nekea arintzen laguntzen dutela zehaztu du: “Liga hasi zenetik bida asko eta partidu asko jokatu ditugu, eta astean bi partidu astean zehar jokatzea zaila da, baina, hor ikusten da garaipenak lortzen dituzunean, nekea ez da nabaritzen. FIBA bentana horiek –herrialdeen arteko txapelketa– deskantsua hartzeko ondo etorriko dira, eta garaipen batekin etxera bagatoz askoz hobeto”.
Atzo gaueko partiduaren une bat.
Argazkia: Gernika KESB.
Mario Lopez entrenatzaileak portugaldarra talde “arriskutsua” dela, eta epailearen erabaki batzuk ulertzea kostatu zitzailea esan zuen atzo gaueko partidua amaitu berritan: “Sei-zortzi puntuko aldea lortu dugun aldiro, eurak partiduari eusten saiatu dira, markagailuko aldea murriztuz”. Momentuoro partiduaren erritmoa eurek ezarri zutela gaineratu zuen, eta azken laurdenera arte partidua ez zela egon erabakita.
EuroCup Women txapelketaren
4.jardunaldia etxean lehiatuko du talde gernikarrak.
Girona hartuko du
Malosten azaroaren 28n (eguaztena). 20:00etan hasiko da partidua.
Ligan, derbia. Lointek Gernika Bizkaiak
Araski talde gasteiztarraren
aurka jokatuko du
zapatuan 18:30ean ligako seigarren partidua, Malosten. Zapatukoa partidu garrantzitsutzat jo du Diezek: “Malosten jokatuta badakigu gure afizioa hor egongo dela, eta saiatuko gara beraientzat garaipena lortzen”.
Ligan orain arte jokatutako
norgehiagoka guztiak irabazi ditu Lointekek; sailkapenean bigarren postuan dago lehenengo doan Perfumerias Avenida taldeagaz berdinduta. Hala, ligako inoizko hasierarik onena gainditu du aurten talde gernikarrak.
Araski, berriz, sailkapeneko bosgarren postuan dago, lau garaipen eskuratuta. Arabarrek azken partidua galdu zuten etxean Perfumerias Avenidaren aurka.