Udagoieneko ostera Gernika-Lumora iritsiko da bihar 'Inpernuko' lanagaz
Hemeretzi urtez udazkenero antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera, eta zortzi emanaldi prestatu ditu aurten euskarazko kultur zirkuiturako. Hirugarren ekitaldia egingo dute bihar 20:30ean Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, eta Xabi Solanoren Inpernuko azken lanagaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek; lehenengo bi ekitaldiak Bilbon eta Durangon egin dituzte.
Aurtengoa Udagoieneko Ostera “berezia” dela esan dute arduradunek, ziklo berri baten iragarlea delako. “Haize freskoa dator, euskarazko sortzaileen aniztasuna eszenatokietan erakusteko asmoz”, adierazi dute.
Iaz Ereñotzu eta Trikitixa Liburua II lanak argitaratu zituen Xabi Solanok, eta aurten, proiektuaren zuzenekoarekin dator trikitilari hernaniarra: Inpernuko.
Azken diskoko kantez ez ezik, Esne Zopak diskoko abestiak ere entzun ahal izango dituzte ikus-entzuleek Lizeo Antzokiko biharko emanaldian. Trikitixaren doinuez lagunduta, baserri giroa, herri giroa eta plaza giroa zein den erakutsiko du emanaldiak.
Esnesaltzaileak izango dira protagonistak, baina antzerkiaren helburu nagusia trikitilariei omenaldia egitea dela esan dute artistek: “Eskusoinuaren magia gure belarrietan sartu eta gure bizitzari irribarre bat eskaini zioten trikitilariei zuzenduta dago”.
Solanogaz batera hainbat musikari aterako dira oholtza gainera: Kris Solano, DZ, Txus Aranburu, Arkaitz Miner eta Haritz Beristain. Horiez gain, Mikel Laskurain eta Ana Elordi aktoreak ere egongo dira.
Helburuak. Sortzaileen eta ikus-entzuleen arteko harremanak sustatu gura ditu Osterak. Baita euskaraz egiten denaren uzta Bizkaia osoan zabaldu ere.
Hala, zortzi emanalditan hamar sortzailek hartzen dute parte, eta bizkaitarrei musikaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera emango die.
Azaroaren 23ra bitartean hainbat ikuskizun egongo dira aukeran. Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean, esaterako, azaroaren 16an arituko dira MICE taldeko musikariak.