Bermeoko
bost arrain kontserba eta gazituen enpresetako ordezkariek eta herriko
hainbat ostalarik joan den astean
topaketa batean parte hartu zuten Bermeoko arrantzaleen museoan. Bertan, Idurre Bideguren Bermeoko alkateagaz eta Leire Egiarte Bermeo World Tuna Capital proiektuaren koordinatzaileagaz batu ziren.
Bidegurenek azaldu zuenez, “ekimenaren helburua kontserbagile eta enpresen arteko
elkarlana sustatzea eta ekonomia lokala indartzea izan da”. Batzarrean,
Bermeo World Tuna Capital ekimenari buruzko xehetasunak azaldu zituzten Bidegurenek eta Egiartek.
Kontserbagileak eta eta ostalariak Bermeoko Udalagaz batzartu ziren. Argazkia: Bermeoko Udala
Horrela, BTWC egitasmoaren barnean
gastronomiak duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. Modu horretara, “Bermeoko ostalariak herriko enpresen produktuen enbaxadore bihurtu daitezkeela” azaldu zuten.
Harremanak estutuz. Batzarragaz batera, Bermeoko kontserbagile eta ostalariak elkar ezagutzeko eta bakoitzaren eskaintzaren berri emateko aprobetxatu zuten.
Herriko “kontserbagile eta ostalarien arteko harremanak estutzeko aukera ona” izan zela azaldu dute ekimenaren antolatzaileek, eta lortutako balorazioa “positiboa” izan dela nabarmendu dute. Bermeo Tuna World Capital elkarteak atunaren
kudeaketa jasangarria maila orokorrean sustatzea du erronka nagusitzat, “ezagutzaren eta jardunbide onen lidergoaren bitartez”.
Arduradunen berbetan, “hiriburutzak zientziaren, arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatu nahi du, ondare historikoa berreskuratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain”.
Egitasmoagaz batera Bermeoren garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea bilatzen dute BTWCen arduradunek.