Bizkaiko gazte euskaltzaleon topaketak aurkeztuko dituzte Gernika-Lumon
Topa Gaitezen Bizkaiko gazte euskaltzaleen topaketak aurkeztuko dituzte zapatuan Astran, 12:30ean. Euskaratik hausnartu, eztabaidatu eta aukerak zabaltzea helburu duen egitasmoa da, eta eskualdez eskualde ari dira aurkezpenak egiten azaroaren 10ean Portugaleten egingo dituzten topaketen berri emateko.
Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Bizkaiko Gazte Euskaltzaleen Topaketak Gazte Mugimenduak euskararen gaia ulertzeko eta onartzeko daukan gabezi batetik datoz. Euskararen inguruan hausnartzea da beraien helburuetako bat, eta hausnarketa hori Bizkaian zabaltzeko tresna eraginkorretan pentsatzea eta eskaintzea ere nahi dute. Modu berean, euskararen borrokari eta euskaratik antolatuko den Gazte Mugimendu bati zilegitasuna eman nahi diote, atxikimendu emozionala lortuz. Azken finean, Bizkaian egun batez, gazteei gai horri buruz hitz egiteko aukera eman nahi diote.
Argi utzi dute Euskal Herrian norabide berean lan egiten duten edozein mugimendugaz bat egiten dutela; dena den, nabarmendu dute beraiek badakitela non lan egin nahi duten eta nondik sortzen den espazio horren beharra: “Guk euskaratik lan egin eta bere egunerokotasunean euskaratik bizi eta antolatuko diren gazteak izan nahi ditugu”.
Hala, zapatuan, azaroaren 10ean ospatuko dituzten topaketetan parte hartzera deituko dute, «euskarari buruz hausnarketarik, zalantzarik edo irrikarik duen edozein gazte, euskaratik antolatzen den edozein gazte eta baita euskararekiko bere harremanetan hamaika kontraesan dituen edozein gazte».
Zapatukoa eskualdez eskualde egiten ari diren azken aurkezpena izango da; gaur, esate baterako, Arrigorriagako gaztetxean egingo dute, eta bihar Algortako Azebarri kultur elkartean.
Egun osoko jaia. Azaroaren 10erako egun osoko egitaraua dute prest: alkarregaz gosaldu eta bazkalduko dute, eta euskararen inguruan hitz egiteko eta aurrera begira gauzatu daitezkeen egitasmoez ere hitz egingo dute. Mahai ingutuan ere elkartuko dira, eta gauean, musika emanaldiez gozatu ahalko da.
Egun horretarako bonuak ere jarri dituzte salgai, 6 euroren trukean. Gernika-Lumon, adibidez, Ospa tabernan erosi ahal izango dira.