Gernika-Lumoko hesi bidezko trenbide pasaguneetan
ikusmen artifizial adimentsuko kamerak jarriko ditu Euskal Trenbide Sareak; Bilbo-Bermeo bideari dagozkio pasabide horiek. Lanok burutzeko 161.980 euroko aurrekontua aurreikusi du ETSk, eta kamerak urte bukaerarako prest egotea espero dutela esan du.
Muxikako trenbide pasabidean dauden Begicrossing kamerak.
Ikusmen eta adimen artifizialean oinarritzen diren kamerak jarriko dituzte Gernika-Lumon, eta horien bidez, trenbide pasaguneetan gerta daitezkeen
arazoak aurretiaz hautematea espero du Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sareak. Izan ere, teknologia berrien erabileran oinarritzen diren kamerek, pasagunean aurki daitezkeen oztopoak aurretiaz antzemateko prestatuta daude. Baita azpiegituraren beraren segurtasun elementuren baten akats bat edo beste.
Gernika-Lumon jartzeaz gain, beste lau puntutan ezarriko dute Begicrossing deitutako sistema hau: Hendaia (Topo), Errenteria (Topo), Aginaga (Bilbo-Donostia) eta Urbi (Bilbo-Donostia). Hala ere, lehenago, Euskal Trenbide Sareko beste puntu batzuetan jarri zuten martxan sistema hau; besteren artean,
Muxikan eta Zornotzan.
Momentuko informazioa. Trenbide pasaguneak denbora errealean aztertuko dituzte kamerek. Sistemak sortutako oharrak eta alarmak aginte postuan instalatuta dagoen kudeaketa sistemara bideratuko dituzte, eta trenbide pasagunera bertara transmitituko dute jarraian. Hala, pasaguneko seinaleztapen sistemetan
jarraian aritu ahal izango dira,
seinaleak aldatuz eta gidariari gertakariren bat dagoela jakinaraziz.
Sistemak, kamerek osatutako tokian tokiko ekipamendua daukate, eta aginte postuan edo gela teknikoan dauden elementuak dituela ere argitu dute. Horiek ustiapenerako softwarearekin osatzen dira ingurune funtzionalean, “informazioa eta gertakariak eta alarmak kudeatzeko”.