Azoka, 55.000 lagunen aterpe
Urriko Azken Astelehenean iaz baino 25.000 lagun gutxiago bertaratu direla esan du Gernikako Udalak. Larrinagak jaso du txilar eztiaren saria, hirugarrenezUrtero legez, baserriko produktuen erakuslehio bilakatu zen Gernika-Lumo Urriko Azken Astelehenea...
Urriko Azken Astelehenean iaz baino 25.000 lagun gutxiago bertaratu direla esan du Gernikako Udalak. Larrinagak jaso du txilar eztiaren saria, hirugarrenez
Urtero legez, baserriko produktuen erakuslehio bilakatu zen Gernika-Lumo Urriko Azken Astelehenean. Iragarpenak jarraituta, euria egin zuen, eta tarteka, aterkipean egon behar izan ziren udalerriara hurbildutakoak. Aurten, Gernika-Lumoko Udalak esan bezala, 55.000 lagun hartu ditu urri bukaerako hitzorduak; iaz baino 25.000 pertsona gutxiago.Euripean zabaldu zuten azoka 09:00etan, eta 15:00ak bitartean zer saldu eta zer erosi izan zuten udalerrian bildutakoek. Guztira, iazko moduan, 333 postu jarri zituzten herriko kaleetan zehar; postu gehienak gaztarenak izan ziren, 52. Hala ere, artisauen 50 postu jarri zituzten, ortuarien 45, ogiaren eta euskal pastelaren 42, txakolinaren 19, makinariaren 16, kontserben 13, fruten 8, sagardoaren 6, erroskilen 5 eta eztiaren eta esnekien 4 postu, hurrenez hurren.
Tarteka euria egin arren, baserritarrak goiz hurbildu ziren Gernika-Lumora, eta 09:00etarako dena prest izan zuten. Artekale kalean 66 saltoki jarri zituzten, eta 50 Pasealekuan. 48 egon ziren San Juan kalean, 46 Juan Calzadan eta 42 Santa Ana aparkalekuan. 40 salmahai ikusi ahal izan ziren Industria kalean, 20 Domingo Alegrian eta 7 San Juan Ibarran. Txosnak, berriz, Foruen plazan, Industria kalean, Saraspen, Alhondigan, San Juan Ibarran eta Juan Calzadan zeuden.
Jende mugimendua nabaria izan zen goizetik. Euskal Herriko ekoizleek zer ekarri zuten ikusteko hamaika postu eta produktu izan zituzten aukeran herritarrek. Batzuk postuak ikustera hurbildu ziren, beste batzuk, baina, dastatzera eta erostera. Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez betetzen hasi ziren eguerdirako; taloa jan zuten askok.
Agintarien harrera
Inguruetako herritarrak ez ezik, euskal erakundeetako agintariak ere hurbildu ziren udalerrira eguerdian. Hala, Jose Mari Gorroño alkateak hartu zituen udaletxean. «Euskal Herri guztiko soroko produktu onenak biltzen ditu azokak. Gainera, azokan sortzen den pertsonen arteko harremana da garrantzi- tsuena. Produktuen kalitatea baloratu behar da, baina baita herritarren arteko hartu-emana ere», adierazi zuen alkateak.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere egon zen bertan, eta Urriko Azken Astelehena Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetarikoa dela esan zuen, santomasekoagaz batera. «Garrantzitsua da azoketan lortzen den baserritarren eta herritarren arteko harreman zuzena. Baserritarren bizitza gogorra da, eta produktuekiko duten kontaktu zuzena ezinbestekoa da ekoizpen ona edukitzeko».
Bertsolariek alaitu zuten eguerdian Merkurio ingurua. Eta horien saioa bukatu bezain laster hasi zuten ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen lehiaketako sari banaketa, eguraldia lagun. Hala ere, enkantea hasi orduko, euria hasi eta aterkiak atera behar izan zituzten, berriro.
Aurten, iaz saritutako batzuk ere igo ziren taulagainera. Galarretako Azkarrak irabazi zuen gazta onenaren saria atzo. Begoña Lunbrerasek eraman zuen barazki onenen saria, eta lore onenak Portuberrirenak izan ziren. Txilar eztietan, hirugarren urtez, Kortezubiko Jabier Larrinaga izan zen onena. Eta frutetan, bigarrenez, Itziar Etxebarriak jaso zuen sari nagusia.
Giroak ez zuen etenik izan, eta porru festaz gozatu zuten Astran. Azken Astelehena Masterreko finala ere jokatu zuten Jai Alain.
Udalak esan duenez, gaur ere itxita egongo dira Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada kaleak, garbiketa lanak direla eta.